Aipagarriak
Kepa Altonagak jaso du aurtengo Zelaia saria, «Darwin geurean» lanarekin
GARA | IRUÑEA
Kepa Altonaga (Loiu, 1958) biologo eta idazlearentzat izan da Pamiela argitaletxeak eskainitako aurtengo Zelaia saria. Berak egindako «Darwin geurean» lana gailendu da lehiaketara aurkeztu diren hamar lanen artean.
Epaimahaikideen aktak dioenaren arabera, «gehiengo erabatekoaz, gure aroan oraindik ere, eta berriz ere, puri-purian dagoen gaiak -darwinismoa- euskal munduan izaniko eragina aztertuz ongi dokumentaturiko lana jakinduriaz eta gaitasun handiz garatzen duelako. Bertan, Darwinen teoria azaldu zenez geroztik XX. mendeko erdialdera arte, berri eta aurkikuntza interesgarriz beteriko bidaia erakargarria proposatzen da, mailako dibulga- zio zientifikoan eta gai horri buruz erreferentzial izanen den lana burutuz».
Aurten aurkeztutako lanetan gai aniztasuna izan dela eta, oro har, maila oneko lanak izan direla aitortzen du Anuntxi Arana, Joxemiel Bidador, Bixente Serrano Izko, Pilar Yoldi eta Jose Angel Irigarayk osatutako epaimahaiak.
«Gai eta arlo desberdinak jorratzen dituzten lanak alderatzea zaila baldin bada ere, eta beste zenbait lan ere balioetsi direla adierazirik utziz, lehenbiziko kanporaketak egin ondoren hiru lan gelditu dira azken hautaketa aldian», zehaztu zuten. «Darwin geurean», «Harritu (posthazkundearen gizarterako trantsizioaz)» eta «Itsas-oholak bezala» izan dira lan horiek.
Aurkeztutako lanen jatorriari buruz, nabarmendu zuten bi Ipar Euskal Herrikoak izan direla, eta gainerakoak Hego Euskal Herrikoak.