TXAPELKETA NAGUSIA 2009
«Belodromoak izua eragiten du, `ba haiz edo ez haiz' esan behar diozu zure buruari»
Bere bertsolari curriculuma ikusgarria da: 1982an finalista, 86an txapeldun, 89an eta 97an txapeldunorde eta 1993an hirugarren. Baina askoz ere ikusgarriagoa da txapelketatik kanpo, herriz herriz eta plazaz plaza egin duen lana, bete duen lekua.
Zer sentipen eragiten ditu Belodromoak?
Publikoaren babesarena egia da, jendetza bat ikusten da arrez aurre, baina Belodromoak altura handia du, eta duen bolumenagatik edo, beldurra ematen du, jan egiten zaitu. Ez da txapelketako kontua bakarrik. Nik bestela ere kantatu izan dut hor, Euskadiko Sei Orduetan, esate baterako, eta errespetua ematen du. «Ba haiz edo ez haiz» esan behar diozu zeure buruari oholtzara bidean.
Aldi berean ez al du berotasunik ematen borobiltasun horrek?
Ez, ez. 1986ko finalean oso publiko beroa zegoen, apustu oso gogorra egin zuen bertsolaritzak eta publikoak bai ematen du berotasuna, baina lekuak berak ez, jan egiten du.
Ausartuko al zinateke orduko eta gaurko giroa alderatzen?
Oso giro ezberdinak dira ordukoa eta oraingoa. Hamarkada horretako aparrak goia jo zuen eta izan zuen halako epelaldi bat, motelaldi bat. Orain txapelketan dabil jendea topean eta jaialdietan ez hainbeste. Dena den, txapelketa bakoitzak sekulako eragina izaten du ondoren eta ikusi egin beharko da aurtengoak zer ondorio uzten dituen. Txapelketak ikuskizuna ematen du eta bertsozaletasuna sutzeko balio du. Su hori mantenduko den ala ez ezin da aurretik jakin.
1990eko hamarkadako gorakada horretan talde bat mugitu zineten atsedenik hartu gabe?
Belaunaldi bat izan zen: Mendizabal, Murua, Telleria, Peña, Egaña eta neu ibili ginen asko. Gazteagoak ere, Sarasua, Euzkitze eta Sorozabal ere hor zeuden eta gurekin batean ibiltzen ziren zaharragoak; Amuriza, Lopategi eta Lazkano ere sartzen ziren.
Zer inpresio egin dizu aurtengo txapelketak?
Bakarkako gaietan jendea oso prestatuta agertu da. Aldiz, elkarrizketa gehiegi ez da sortu ofizioetan, bakoitza bere erara gehiago joaten da, nahiz eta badauden erantzuten dutenak ere, eta oso ondo. Baina akats hori ikusi diet bertsolari batzuei.