GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

TXAPELKETA NAGUSIA 2009

«Euforia izugarria izan zen Belodromoa nola bete zen ikusita»

 
Jon SARASUA
86ko finalista

Hemeretzi urte bakarrik zituen 1986ko finalean kantatu zuenean. Ondoko hamarkadan bertsolaritzaren elitean ibili zen. Bertsolaritzari buruzko liburu batzuen egilea da eta gaur irakasle da HUHEZIn.

Zer inpresio egin zizun Belodromoak 1986ko finalean 19 urterekin gora igo zinenean?

Bitan egon naiz ni Belodromoan, 1986an Euskal Herriko finalean eta 91n, Gipuzkoakoan. 86koa oso berezia izan zen, Belodromoa erabiltzen zen lehen aldia zelako. Niretzat itzela izan zen. Ez nuen nire aurrean horrenbeste jende ikusi. Gazteegia nintzen eta ez nintzen jabetzen bertsolaritzak urte horretan egin zuen apustuaren garrantziaz. Final horrek gauza bitxi bat izan zuen: bertso bakoitzaren ondoren epaileek puntuazioa erakusten zioten publikoari. Gure atzean zeudenez, ez genituen ikusten, bana bi txaloaldi entzuten genituen, bata bertsoa amaitzen genuenean eta bigarrena epaileek puntuazioa erakustean. Oso giro berezia eta sekulako euforia sortu zen Belodromoa nola bete zen ikusita. Niri zegokidanez, oso gaztea nintzen eta ez nuen inolako anbiziorik. Nahiko susto banuen finalean kantatze hutsarekin, baina ordurako banuen barne borroka txiki bat: azkarregi ote nindoan inpresioa nuen.

Zure barne borroka horren adierazle izan zen 1991ko Gipuzkoako finalean egin zenuen tongoa.

1991n garbi neukan aldez aurretik bukaeran egin nuena egingo nuela, ahal nuen baino okerrago kantatzea alegia. Eman nezakeen mailarik ez nuen eman. Gipuzkoako finala zen, baina Euskal Herrikoak adina jende mugitu zuen. Baina hogei urte eman ditut ondoren gai horren inguruan egiten zizkidaten galderei erantzuten eta albo batera utziko dut.

90eko gorakadan parte zuzena hartu zenuen.

Bete-betean hartu nuen parte. 86tik hasi zen gorakada eta hamar urtetan aparra bezala igo zen bertsozaletasuna. Eman zen urrezko aro bat. Ez zen telebistako programaren arrakasta bakarrik, kalean ere nabarmena zen. Jaialdiz jaialdi talde bat ibili ginen eta Elkartean ere bide asko ireki ziren urte horietan. Baina tonu nostalgikoak albo batera utzi behar ditugu. Benetako urrezko aroa gaurkoa da alde askotatik begiratuta.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo