Ziburuko arrantza-portu kinka larrian eta bertako eragileak kalapita bizian
Donibane Lohizune-Ziburuko arrantza-portuan urak harrotuta dabiltza baina ez, preseski, itsasokoak. Sektoreak pairatzen duen krisiak bertako eragile eta profesionalen arteko tirabirak areagotu egin ditu lehengoaz gain. Alta, konpondu ezin horien gainetik portuko jarduera bera da, egun, zalantza gorrian dagoena.
Arantxa MANTEROLA
Lapurdiko arrantza-portu nagusian ez da giro azken hilabeteotan. Izan arrantzari edo aisiari lotutako egitura edota kudeaketaren arduradunak, bertako eragileen arteko desadostasunek eta liskarrek aspaldi gainditu zuten kaiaren eremua. Eztabaidaren beroan, zenbaitetan eskuetara ere heldu izan dira batzuk. Horren lekuko, berrikitan portuko jardueraren zuzendari Didier Mundutegi eta arrantzale bat kateatu zirenekoa. Jakina, kalapita hauek ez dira eguneroko ogia, baina arrantza portuan dagoen giro txarra islatzen dute.
Egonezina hain da nabaria, ezen, portuko Kontseilua bera biltzeko, Philippe Juzan kontseiluburuak aurretiko kontaktuak eta hartu-emanak egin behar izan baititu, aldeen jarrera baretze aldera. Izan ere, azken bi kontseiluak ez dira, ez, behar adinako patxadan igaro. Iazko abenduaren 1ean egindakoan azantzek eta iskanbilak gaina hartu zuten eta ekaina hasieran egindakoa ere ez zen ongi bukatu.
Badirudi, halere, Juzanen ahaleginak eragina izan duela, asteazkenean Kontseilu Nagusiko Baionako egoitzan egindako bilkura giro lasaiagoan joan baitzen. Mahai gainean jarritako gaien artean, aspalditik eztabaida sortzen ari den izotzaren prezioa. Logicoop kooperatibaren eta portuko kudeatzaile den Merkataritza eta Industria Ganberaren (MIG) artean dagoen liskarretako bat da izotzaren salneurria. Prezioa %8 garestitzea deliberatu bazuten ere, kooperatiba ez da konforme, kostuak berdintzeko aski ez dela baiteritzo. Horrela, prezio egokia finkatzeko kanpoko auditore batek azterketa egitea erabaki zuten.
Portuaren biziraupena
Bilkura horretan elkarrizketa zertxobait berreskuratu bazen ere, arrantza-portuaren etorkizunerako funtsezko arazoez ez zuten gauza handirik aipatu, eta arazo horiek dira, hain zuzen ere, arrantzaleen kezka-iturri nagusia. Horrela, Logicoopeko presidente Richar Uberak adierazi duenez, «arazoa, portuko jarduera bera da»: «Izotza nori saldu izango da laster benetako arazoa, gero eta itsasontzi gutxiago baitago».
Lapurdiko portu honetan, aspalditik gainbehera datorren jarduera da arrantza. Antxoa arrantzatzeko debekuak eta hegalaburraren kuoten etengabeko beherakadak ondorio nabarmena izaten ari dira. Egoeraren zailtasunaren aitzinean, arrantza-ontzietan inbertsiorik ez du egiten kasik inork.
Egun dauden ontziei segida emango dionik aurkitzea ere ez da erraza. Esaterako, aste honetan bertan jakin da, «Tximistarri» bolintxeroa Bretainiako portu batean arituko dela aurrerantzean, erretiratzekotan den jabeak bertan eroslerik aurkitu ez eta hango armadore bati saldu diolako.
Badira, halere, jarduera bermatzeko bidean lantzen diren proiektuak, batez ere, arrantzaren garapen iraunkorraren aldetik. Horrela, berrikitan Europar Batasunak Axe 4 programarekin lotutakoa onartu du eta portuak laguntzak jasoko ditu. Serge Larzabal Arrantza Batzordeko buruaren esanetan, hilabeteak daramate hitzarmena lantzen eta nola gauzatu prestatzen.
Dena dela, badira portuko funtzionamenduarekin zerikusi zuzena duten arazoak. Horietako bat, bertan lizentzia duten hainbat ontzik, egiaz ez direla handik igarotzen. Legez exijitzen zaizkien tasak ordaintzen badituzte ere, ez dira portuan sartzen eta zuzenean beste batean (Pasaian, esaterako) deskargatzen dute arraina. Horrenbestez, teorikoki Ziburuko portuan kontabilizatzen baldin bada ere, arraina ez da han sartzen eta ez du jarduerarik sortzen.
Gorabehera asko eta arazo asko, beraz. Eragile guztiek dioten bezala, arrantza-portuak bizirautea baldin bada helburua, ardura duten erakundeetatik hasita, gai guztiak mahai gainean jartzen hastea beste biderik ez da.
Capsud arrantzaleen elkartea portuko Kontseiluko kide bilakatu zen asteazkeneko bileran. Logicoop kooperatibak ere ordezkaritza izan nahiko luke baina, Juzanen esanetan, Kontseilua berritu arte itxaron beharko du.
Donibane Lohizune eta Ziburuko ezkerreko hautetsiek Kontseiluak egin duen osaketa kritikatu dute, besteak beste, arrantzaleek soilik bi (orain hiru) ordezkari dituztelako. Gainerakoak, Kontseilu Nagusiaren, udalen, Merkataritza eta Industria Ganberaren (portuko emakidaduna), kudeatzaileen eta portuko erabiltzaileen ordezkariak dira. Arrantzaren eta aisialdiaren jarduera «gehiago bereizi» beharko liratekeela ere uste dute.
Bestalde, erakundeek (Kontseilu Nagusiak eta udalek) «arrantza-portuaren egoera larriaren aurrean ezer gutxi» egiten dutela salatu dute. Guy Poulou, Ziburuko auzapezak adierazpen hauekin desadostasuna azaldu eta portuaren garapenean udalaren inplikazioa nabarmendu du. A.M.