Eskuketari eta zirko artisten topaleku bihurtuko da Errekalde
Koblakari jaialdia zirkoaren inguruko programazio anitz eta dibertigarriarekin dator. Abenduaren 8ra arte ospatuko den jaialdian ikastaro, kale-ikuskizun gala eta haur-programazioaz goxatzeko aukera egongo da. Hortaz, zirkoaz goxatu nahi duen ororentzat gonbidapena luzatuta dago.I. A. | GASTEIZ
Koblakarik, hots, Bizkaiko malabaristen elkarteak urtero lez topaketak antolatu ditu aurten ere. Zortzigarrena den edizio honetan, behin ere, eskuketari eta zirko artistek euren topalekua izango dute Bilboko Errekalde auzoa eta zehatzago Kukutza gaztetxea. Gaur hasiko da jaialdi hau eta abenduaren 8ra arte luzatuko da hamar eguneko programazio «anitz, zabal eta dibertigarria» eskainiz.
Topaketak iraungo dituen hamar egunetatik, lehen bostak ikastaroentzat izango dira, gehien bat, eta hurrengo bostak topaketa deritzonarentzat. «Hamar egun elkarbizi eta ezagutzeko, jolastu eta ikasteko, farre egiteko, gozatzeko eta txaloak emateko», iragarri zuten aurkezpenean. Helburu honekin, ehundaka malabarista, zirko artista eta zirko kale bilduko dira Kukutza gaztetxean eta inguruan.
Konpainiak
Hainbat talde ere izango dira bertan; hala nola, Ganso y Cia, Denbote Enbote, la enana naranja Euskal Herritik eta Los caneca, Niño Retrete eta Los chimichurri nazioartetik. Ekitaldi nagusi moduan, bestalde, abenduaren 7an ospatuko den goi mailako ikuskizuna nabarmendu daiteke. Bolueta auzoko Fever aretoan izango da, eta emanaldiaz gain, «edonor parte har dezakeen jarduera eta sorpresa mordo» egongo dira ziurtatu dute antolakuntzakoek.
Ikastaroei dagokionez, gaurtik hurrengo ostiralera arte luzatuko dira, hau da, abenduaren 4ra arte. Jorratuko diren adierazpenak monozikloa, ruloak, bertikalak, dantza bertikala, malabareak, maza manipulazioa, birziklapena eszenografia eraikitzen, bikote akrobazia, kontorzioa eta numero zuzendaritza izango dira. Hauek guztiak Kukutza gaztetxean burutuko dira eta bakoitzak 15 orduko iraupena izango du. Irakasleak, bestalde, nazioarteko artista profesional eta gazteak direla esan dute.
Hamar ikuskizun
Kanpora begira, publiko zabalari, hamabi ikuskizun programatu dituzte aurtengo topaketen barruan. Kukutza izateaz gain, Errekaldeko plazan izango dira beste batzuk. Guztiak, hala ere, dohainik ikusteko aukera izango da. Bihar hasiko dira, Galizatik etorritako Circochino taldearekin.
Astean zehar, egun bakoitzean bat ikusteko aukera egongo da. Horrela, asteartean Pipo Estrella argentinarrak izango da, asteazkenean bertako taldea den Dando Tumbos egongo da, Escacharrando galiziarrak ostegunean izango dute txanda eta biharamunean, Suzko gaua biziko da Errekaldeko plazan.
Asteburuko ekitaldiak
Asteburuan, horrez gain, programazio potentea izango du jaialdiak. Larunbateko eguerdian, Debote Enbotek «Argotu» emanaldia eskainiko du eta La Enana Naranjak «Momo». Igandean, berriz, Bartzelonako Los Canecak izango dira eguerdian eta Niño Retrete argentinarrak arratsaldean. Hurrengo astean, Ganso y Cia durangarrak «Caidos del cielo» ikuskizunarekin izango dira eta, azkenik, asteartean Madriletik etorritako Dabel taldea egongo da, ikuskizunei amaiera emateko.
Kanpora begira antolatutako beste ardatz bat galak izango dira. Guztira lau eskeiniko dira. Lehen hirurak Kukutzan izango dira, abenduaren lehen asteburuan. Ostiralean,Gala Irekia ospatuko da, herrialde ezberdinetako artistak ikusteko aukera, larunbatean Koblakari Galarekin urtean zehar Bizkaiko elkarteko kideek egiten duten lana ezagutzeko aukera izango da eta igandean aurtengo gonbidatuaren txanda, Vigoko Malandraxe elkartea. Ekitaldi nagusia, Euskal Herriko zein nazioarteko artistak bilduko dituen, astelehenean ospatuko da.
Publiko zabalari zuzendutako ekintzen artean, hamar ikuskizun eta lau gala nabarmendu daitezke. Euskal Herriko zein atzerriko taldeak parte hartuko dute bai emanaldietan bai galetan.