Jon Enparantza eta Amaia Esnal (*) Gazte Mugimenduko kide ohiak
Gazteria independentista
Mendeetako menperatze eta asimilazio ahalegin boteretsu eta bortitzen joan-etorrian, Euskal Herrian XXI. mendean independentziaren aldeko kontzientzia eta borondate zabala ezin uler daiteke gazteria independentistak eginiko lan eta borroka aintzat hartu gabe.
1979ko udaberrian Jarrai gazte erakundea sortu izanak, ondorengo urteetan konstante bat izan den nortasun eta aktibitate kolektibo bat ispilatzen du. Frankismotik demokraziara eginiko aldaketa gezurrezkoa zela sentitu zuten gazte askok. Bidea hasi zuten, herria eta bere gazteria mendean izateko antolamendu eta tresneria berrian engainaturik sentitzen zen gazte andana bilduz. Dagoena zalantzan jartzen duenaren pentsamendu askea, gauzak alda daitezkeela dakienaren izate iraultzailea, aske izateko grina eta sortzeko irudimena. 30 urteotan, garai hartan bezalatsu, menperatze saiakera berriak indargabetzen eta askatasun eremuak eratzen aritu den gazteriaren izaerak eta mundu ikuskerak bizi-bizirik iraun dute belaunaldi berrien artean.
Gazteria berezko arazo eta eskubidedun subjektu da. Baina indarrean den gizarte sisteman, gazteriak kolektibo gisa ez du inolako tokirik, ez eta ahotsik ere. Alabaina, Euskal Herrian gazteria independentistak espazio horiek sortu egin ditu. Hitza, musika, astia, okupazioa, aisia, plaza, jaia... eskura dituen gauzarik xume eta soilenak, espazio horiek sortzeko langai bihurtzen ditu gazteriak.
Independentzia aldarrikapena ez ezik, bizimodu eta lanabes bilakatzeko gai da gazteria. Independentziari zentzurik zabal eta sakonena ematen dio gazteriak herri honetan. Independentzia noizbait lortzeko helburu baino, egun izateko bizigai bilakatu baitu. Horixe, dudarik gabe, gaur independentzia helgarri egiten duen emari esentziala izan da.
Horren jakitun, gazteria errepresioaren lehen mailako helburu da. Izan da 30 urteotan. Aste honetako operazio erraldoiaren parekorik topatzea zaila suertatzen da ordea. Nabarmen da azken garaiotan, herri honetako mugimendu independentista errotik indargabetzeko ahalegina dela gazteen kontrako errepresio oldarraldi hauek zuzentzen dituen intentzioa. Ehundik gora izan dira bi urteotan era masibo eta arbitrarioan atxilotuak, horietako asko torturatuak eta gehienenak espetxean sartuak.
Gazteriak orain arte bezala, funtsezko papera du aurrerantzean ere. Aldaketa politiko eta demokratikoa arrakastaz gauzatzeko prozesuak gazteriaren ekarpena eta parte hartzea behar du. Gazteriaren eginbidea beharrezkoa da gehiengo independentista berriak osatzeko, indar harremanen eraldaketarako, askatasun eta eskubideen markoak berrosatzeko, gazteriaren artean pentsamendu askea eta jarduera askatzailea barreiatzen segitzeko. Gazteria premiazkoa da gaurdaino urraturiko bidea eta lorpenak independentziaraino eramateko.
Besarkadarik estuena hogeita hamalauontzat. Besarkadarik beroena gazte independentista guztientzat.
(*) Jon Enparantza eta Amaia Esnalez gain, Arantxa Apariziok eta Ugaitz Elizaranek ere sinatzen dute gutun hau.