Zaborren kudeaketan herritarren hitza aintzat hartzeko eskatu dute
Gasteizko Legebiltzarrak Hondakinen Euskal Lege proposamena eztabaidatzeari ezezkoa eman ostean, Errausketaren Aurkako Herri Plataformen Koordinakundeak manifestazioa deitu zuen atzoko. Deialdiarekin bat egin eta makina bat herritarrek zeharkatu zituzten Donostiako kaleak errausketa baztertu, zaborren kudeaketarako atez ateko bilketa bultzatu eta herritarren parte hartzea sustatu dadin eskatzeko. Mobilizazioak eragile eta alderdi ugariren sostengua jaso zuen.
M.E. |
Donostiako kaleek hondakinen kudeaketa osasungarri eta iraunkorraren aldeko aldarria hartu zuten atzo. Baina haratago, Errausketaren Aurkako Herri Plataformen Koordinakundeak deitu eta hainbat alderdik eta eragilek sostengatu duten mobilizazioak herritarren parte hartzearen aldeko oihua ere zabaldu nahi izan zuen.
Bostak pasatxo zirela abiatu zen manifestazioa Donostiako Boulevardetik. Pankarta nagusian «Respeto a la participación, errausketarik ez» leloa irakur zitekeen eta parte hartzaileek, besteak beste, «Ez Zubietan ez inon» eta «Errausketarik ez, alternatibak bai» oihu egin zuten.
Manifestazioa amaitutakoan irakurri zuten idatziaren bidez ekainaren amaieran 35.000 sinaduratik gora jaso ostean aurkeztu zuten lege proposamenari Gasteizko Legebiltzarrak emandako erantzuna salatu nahi izan zuten irmo. «Parte hartzea saltzen dute, baina zer proiektutan eskatu digute herritarroi iritzia?», galdegin zuten, PP, PSOE, eta EAJ aurkeztutako testua eztabaidatzearen kontra agertu zirela gogora ekartzearekin batera. «Herritarrok, egunerokoa dugun zaborraren sortzearen eta honen trataeraren inguruan informatuta egoteko eta parte hartzeko eskubide osoa dugu, beti ere etorkizun osasungarriago eta jasangarriagoa izateko helburuarekin», aldarrikatu zuten.
Interes ekonomizista
Irakurritako testuan nabarmendu zuten moduan, oinarrizkoa da aldarrikatzen den Hondakinen Euskal Legea sustatzea. «Hau ingurugiro eta osasun irizpideetan oinarrituko da, beraz, errausketarik gabekoa izango da, Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak defendatzen duten interes ekonomizista soilaren aurrean», adierazi zuten. Hala, aurrerantzean ere kudeaketa osasungarria defendatzen jarraituko dutela berretsi zuten, «bilketa intentsiboa, materia organikoa barne, sustatuko duena».
Manifestazioan tokian tokiko salaketa eta mezuak ere ikus zitezkeen. Usubildarrek «Jada ez da beharrezkoa, errausketarik ez» leloarekin, apirilean herrian martxan jarri eta emaitza onak ematen ari den atez ateko bilketa sistema aldarrikatu zuten. Lasartearrek, berriz, «Emandako hitza errespetatu, atez atekoa orain» zihoen pankartarekin, Lasarte-Oriako Udalak onartutako hitzarmena ez duela bete salatu zuten.
Manifestazioa ezker abertzaleak, Ezker Batuak, Aralarrek, Alternatibak eta Zutik alderdiek, eta EHNE, ELA, LAB, STEE, CNT eta CCOO sindikatuek eta Ekologistak Martxan, Eguzki, Greenpeace eta Donostiako AHTren aurkako taldeek babestu dute.