GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Inazio Agirre Arregi Ezker abertzaleko kidea

Estrategia eraginkorra

Beharrezkoa da estrategia eraginkor berria zehaztea, Euskal Herri osoan euskara ofiziala izan dadin eta hizkuntz eskubideak osoki berma daitezen; Euskal Herri euskalduna berrosatzeko denon duintasuna errespetatzeko eta munduko hizkuntz aniztasuna bermatzeko

Duela bi aste Markel Olanok, Gipuzkoako ahaldun nagusiak, hitzaldia eman zuen Tolosan. Besteren artean, «euskararik gabe ez dago Euskal Herririk, abertzaleen zatiketa kaltegarria izan da, euskal hiztunen eskubideak ez daude guztiz bermatuak eta erabilera da erronka nagusia» nabarmendu zituen. Bat egiten dut baieztapen horiekin. Baina, EAJk kudeatu du hizkuntz politika, azken 30 urte hauetan. Eta egoera aldatu ahal izateko, hizkuntz politika aldatu behar da berau izan delako zatiketaren arrazoietako bat.

Hizkuntza politika horrek bi akats nagusi ditu. Bat, elebitasunaren eredu asimilatzailea onartzea. Horrek gaztelania nagusi eta euskara mendeko bihurtzen duelako. Bi, asmo txarreko planifikazioa bideratzea. Helburua ez baita euskara hutsez jardutea, eta, beraz, ez ditu euskalduntzeko helburu egokiak finkatzen, helburu horiek lortzeko eragozpenak ezabatzen, epe motzeko, ertaineko eta luzekoak zehazten, eta Euskal Herri osoko herritar eta jardungune sozial guztiak barne biltzen.

Hizkuntz politikak aski landu dituen bi arlo aipa daitezke. Hezkuntzan, EAJk euskarazko eredu bakarra bideratu ordez, 80ko hamarkadan, ikastolak zatitu eta euskarazko hezkuntza orokortzea baztertu zuen; 2008an, berriro baztertu du, aurreko Hezkuntza Sailaren proposamena arbuiatuz. Ondorioz, 3 ikasletik 2 ez da gai euskaraz bizitzeko. Administrazioan, ez da agintzen euskaraz jardun behar dela; euskara ez dakiten funtzionario berriak hartzen dira; euskara erabiltzea oztopatzen duten funtzionario eta politikariek ez dute mugarik; eta, praktikan, euskaraz lan egiteak ez du egingarritasunik. Ondorioz, ez dago euskara hutsez jarduten duen administrazio osorik, UEMAko udal txikietatik kanpo.

Horrela, ezagutza partziala lantzen da, ez herritar guztiekin eta ez alor sozial denetan; baina euskaraz ikasitakoa ez da une berean praktikan jartzen eta korrelatiboki erdararena arintzen. Efizientzia eta efikazia soziolinguistikoaren kontra jokatzen da. Ondorioz, euskararen erabilera ez da bere eskuko erdararen mendeko baizik; eta euskaraz bizitzea ez da zabaltzen. Gogoratu, baina, azken 30 urteotan, EAJ eta PSOE bat etorri direla menpeko hizkuntz politikaren oinarrizko hitzarmen guztietan.

Eta, orain, nazionalismo espainiarrak aurrera egitea erabaki du, euskal nortasuna, historia, hizkuntza eta Euskal Herria terminoa bera erabiltzea ukatzeraino. Isabel Celaarentzat (PSOE) euskal kultura osoa bere herrian zabaltzea «doktrinatze abertzalea» da. Munduko estatu guztiek hori bera egitea ez. Jarrera inperialista horrentzat, Euskal Herrian euskara debekatzea eta kultura espainiarra inposatzea bidezkoa da; euskalduna espainol bihurtzea eta Euskal Herria Espainia bilakaraztea demokrazia da; hori bai, besteei ezartzen dietena ez dute eurentzat ametitzen.

Beharrezkoa da, eredu soziolinguistiko horretatik irtetea eta beste eredu berria indarrean jartzea. Horren alde gauden guztiok -eragile politikoak, sindikalak, sozialak eta herritarrak- gogoeta egitea eta eztabaidatzea askatasunez eta erantzukizunez, ikuspegiak bateratzeko eta herri gogoa sendotzeko; bakezko bide politiko eta demokratikoetatik estatuekin konfrontatzeko eta, indarkeriarik eta injerentziarik gabe, euskararen testuinguru juridiko politiko menderatzailea aldatzeko. Beharrezkoa da estrategia eraginkor berria zehaztea, Euskal Herri osoan euskara ofiziala izan dadin eta hizkuntz eskubideak osoki berma daitezen; Euskal Herri euskalduna berrosatzeko denon duintasuna errespetatzeko eta munduko hizkuntz aniztasuna bermatzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo