GARA > Idatzia > Ekonomia

Larrialdi Planak laborariei baino bankuei laguntzen diela adierazi du ELBk

Nekazariak pairatzen ari diren egoera larriari aurre egiteko, Sarkozyk plangintza bat jarri zuen abian duela gutxi. Laguntzak kudeatzeko aurreneko bileran ELBk egindako proposamenak ez ziren onartuak izan.

A.M. | BAIONA

Sarkozyk nekazaritzarako abian jarri berri duen Larrialdi Planaren kudeaketarako lehen bilera izan zen Pauen duela egun batzuk. ELBko ordezkariak ere bertan izan ziren baina, euren esanetan, «plana, laborariak baino, banketxeak laguntzeko egina dagoela egiaztatu da».

Sindikatuaren iritziz, argi da Ipar Euskal Herriko nekazarien hiru laurdenek ez dutela laguntzak jasotzeko aukerarik izango, soilik inbertsioak eginak dituzten bakan batzuek edo egitekotan direnek beteko baitituzte ezarritako baldintzak.

Hain zuzen ere, baldintza horiek eta laguntza eskaerak egiteak duen zailtasuna hizpide izan zituzten aipatu bileran. Eskubidea izango luketen ustiatzaileek oso prozedura administratibo astunari aurre egin beharko diotela onartuta, tramiteak errazteko borondatea agertu zuten laguntza horien kudeatzaileek.

Interes-tasa baxuak izango dituzten maileguak eskaintzeaz gain, ELBk egun maileguak itzultzen ari direnen interes-tasak negoziatzea proposatu zuen, baina Larrialdi Planak «horrelakorik jasotzen ez duenez», proposamena ez zen kontuan hartu.

Laguntzak batu

Bestalde, Akitaniako Kontseiluak eta Kontseilu Nagusiak ere ekarpen ekonomikoa egin behar diote Planari. Alta, oraindik ez da jakinarazi ez zenbatekoa ezta zer modutan banatuko diren ere. ELBk laguntza guztiak batu eta egoera zailean dauden laborari orori gutxieneko laguntza bat bermatzea eskatu zuen. Eskaera hori ere ez zen aintzat hartua izan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo