GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Leitzako gertaerak ez dira zoro baten lana

Iragan asteburuan Leitzako Guardia Zibilaren kuartelean gertatutakoa ETAren atentatua izatetik zoro baten ekintza bakana izatera igaro da ordu gutxitan. Nolanahi ere, gertaerei buruzko xehetasunak ezagutu ahala, Guardia Zibilak nahiz arduradun politikoek hasiera-hasieratik atentatua ez zela jakiteko behar zituzten datu guztiak eskura zituztela baiezta daiteke, inolako zalantzarik gabe. Bai herritarren bai udal ordezkarien testigantzek argi erakusten dute atentatuaren hipotesia defendaezina zela. Hala ere, Madrilgo, Iruñeko eta Gasteizko arduradun politikoek ez zuten zalantzarik egin eta intoxikazioan sakontzea erabaki zuten.

Baten batek adierazpen horiek inozokeriaren, arduragabekeriaren edo «ohitura txarren» ondorio izan zirela pentsa lezake. Orain bizi dugun egoera politikoa kontuan hartzen badugu, ordea, eta antzeko egoeretan honelako gertaerak normalean baino ohikoagoak izan direla kontuan hartuz, erraz ondoriozta daiteke gertakari hauen atzean dagoen asmo politikoa. Ziur asko, zenbait politikarik fede txarrik gabe jokatu zuten, honek beren arduragabekeria zuritzen ez badu ere. Nekez defenda daiteke, ordea, guardia zibilaren «ekintzaren» nondik norakoak ezagutzen zituztenek etekin politikoa bilatu ez zutenik. Dimisioak? Alemanian bai, hemen ez.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo