Gaztelaniazko kantu ezagunak euskaratu ditu Juan Bilbaok lan berrian
Joaquin Sabina, Luis Eduardo Aute, Jose Luis Perales, Pablo Milanes, Toquinho eta Jose Maria Cano kantari ospetsuen kantuak gaztelaniatik euskarara ekarri eta «Harri Bitxiak» diskoan bildu ditu Juan Bilbao mungiar kantariak, Gontzal Mendibil eta J. L. Canalen laguntzaz.
A. BILBAO | BILBO
Gontzal Mendibil adiskidearen laguntzarekin, Juan Bilbao mungiarrak «Harribitxiak» lana aurkeztu du, gaztelaniazko hainbat kantu ezagun biltzen dituen diskoa, euskarara ekarriak.
Lanak hamaika kantu biltzen ditu, gehienak aski ezagunak jatorrizko egileen ahotsetan. Besteak beste, bertan dira Toquinhoren «Acuarela», Joaquin Sabinaren «Con la frente marchita», Jose Luis Peralesen «Cuando te miro» Luis Eduardo Auteren «Las cuatro y diez» eta Pablo Milanesen «Para vivir»; Gontzal Mendibilek euskarara egindako egokitzapenean eta Juan Bilbaoren ahotsean.
Kantuak euskarara itzultzeaz arduratu den Mendibilen esanetan -esanahiaz gain erritmoa ere oso kontuan izan dute, kantuek jatorrizko melodia mantentzen baitute-, «ahots gozoa» du Bilbaok, «hitz eta kantu hauetarako egokia». Eta Jose Luis Canalen musika konponketak lagun, gustura agertu ziren emaitzarekin: «Oso lan duina».
Juan Bilbaok hirugarren lana du «Harribitxiak» (Keinu Produkzioak), urte eta erdiko lana. Mungiarraren aburuz, «lan bakoitzean arriskatu beharra dago, ikuspuntu ezberdin bat eman beharra», eta horretan saiatzen da bera. Aurreneko lanean, esaterako, folk tradizionala landu zuen, ohiko musika tresnak erabilita, eta bigarrenean, soinu berriak lortu nahian, tresna metalikoak gehitu zizkion bere folk doinuei. Hirugarren honetan berriz, esan duenez, bere aroko kanturik ederrenetakoak ekarri ditu; «denok ezagutzen ditugunak eta oso gustuko ditudanak». Eta bere herriko hizkuntzan egin du, musika unibertsala den arren, «egunero euskara erabiltzen duen jendearengana hobeto heldu eta kantuak barru-barruan hobeto senti ditzaten».
Laguntzak eta oztopoak
Juan Bilbaok, Gontzal Mendibil eta Jose Luis Canalena ez ezik, Rakel Sarria eta Juan Carlos Pereiraren laguntza izan du ahotsetan, Tio Pete estudioan Zubiagak grabatu eta Phocasek Elkarren nahastu duen lanean.
«Harribitxiak» sortzeko baina, oztopoak ere izan ditu mungiarrak, eta Mendibilek aitortu zuenez, «autoretzaren arazoa izugarria da eta kostata lortu ditugu baimenak» kantuak euskaraz emateko orduan. Horregatik, hamahiru izan beharrean hamaika dira diskoak biltzen dituen kantuak, «bi kanpoan gelditu dira». Kaleratze data bera ere asko atzeratu da, «iragan urteko Azokatik udaberrira lehenengo eta udaberritik gaur egunera gero». Alta, kanpoan txingor zaparrada ari zuela, pozik aurkeztu zuten atzo azala aterkiz betea duen «Harribitxiak».
Itzulpen eta egokitzapen kontuak ahotan, nahiz eta literatur itzulpen ugari egiten diren, musika alorrean «horrelako lan gutxi egin da gurean» gogorarazi zigun, eta Juan beti kontu berriak egiteko asmotan dagoela azaldu, «eskertzekoa dena». Eta bi kantariak ezagutu zireneko garaiak gogoan, kantu txapelketak aldarrikatzeko ere baliatu zuten agerpena, oraindik asko baitago egiteko eta «egonkortasuna eta elkarkidetza falta da».
Behin kantuak aukeratu eta itzulpen zein egokitzapenak eginda, kantuak euskaraz emateko baimenak lortzea izan da, egileen hitzetan, lanik neketsuena, lana atzeratu eta kantu batzuk kanpoan utzi dituena.
Artista: Juan Bilbao.
Lana: «Harribitxiak».
Diskoetxea: Keinu.
Kantuen itzultzailea: Gontzal Mendibil.
Musika konponketak: Jose Luis Canal.