GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

«Txapela beti dago kolokan, ez dago `roskarekin sartuta'»

 
Andoni Egaña
Bertsolari Txapelketa Nagusiko txapelduna

Lau aldiz jantzi du Andoni Egaña zarauztarrak txapela eta bosgarrenaren bila joango da BECera. Bertan ikusiko dugu aurtengo txapelketan lehenengo aldiz.

Lau urteren ondoren berriro hemen.

Berriro hemen, bai. Orain dela lau urte banekien ondo bidean etorriko nintzela baina ezin nuen esan seguru-seguru etorriko nintzenik. Alde batetik, Elkartean morbillo pixka bat piztea komeni zen. Baina beste alde batetik, ez nekien nola egongo nintzen ez osasunez, ez gogoz, ez grinaz...

Eta zer moduz zaude?

Ondo, eskerrik asko. Ondo, ondo. Badakit nire funtzioa zein den txapelketa honetan eta saiatuko naiz ahal den ondoen egiten.

Nola prestatzen da txapelketa txapelketatik «kanpo» egonda?

Egia esan, nahiko zaila da. Ez dakizu ondo zein mailatan zauden besteekiko konparaketan. Baina bueno, aurten nabaritu dut adibidez gehiago nekatzen naizela entrenamendu saioetan. Adina izango da agian...

Orduan, pixka bat ezberdin prestatuko ditut azken

hamar egun hauek. Deskantsu gehiago eta matxake gutxiago.

Bertso kideak zer moduz ikusi dituzu? Jarraitu dituzu orain arteko saioak?

Oso ondo ikusi ditut. Pare bat saiotan izan naiz eta bertan izan ez naizenean gehienetan irratiz edo Internetez jarraitu dut, eta bai, fenomeno, maila ona dago eta abenduaren 13an jokatuko dugun finalean ere maila ona egongo da.

Txapela, inoiz baina kolokago?

Txapela beti dago kolokan, lehiara, jokatzera joaten zaren momentutik, beti kolokan. 1993an, ez neukan, beraz, oso kolokan zegoen; 1997an, bueno...; 2001ean, oso tarte txikiagatik irabazi nuen; eta, 2005ean, inork ez zekien zer pasa zitekeen... Kolokan beti dago, inoiz ez da egon «roskarekin sartuta».A. A.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo