GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Jose Mari Aranburu Eguzkiko partaidea

Atez ateko zabor bilketari, boikotik ez

2010ean Atez Ateko Zabor Bilketa (AAB) abiatuko da Oiartzunen, Usurbilgo pausoei jarraituz. Aldaketa nagusia materia organikoa biltzetik etorriko da, hondakinen %80 birziklatuko delarik, konposta sortuz. 2008ra arte Oiartzungo hondakinak San Markos zabortegira eraman izan dira, gaur egun Gipuzkoako beste herrietara eramaten ari gara. Hau ez da onargarria gizarte aurreratu batean.

Zorionez, AAB sistemak aldaketak ekarriko ditu gure herrietako garapeneko arazo nagusietariko baten kudeaketan: sortzen ditugun hondakinak geuk kudeatuko ditugu. Horrela, eta gure osasun eta ingurumenaren onerako, zabortegietako eta errauskailuetako metano gasa, partikulak, usaina, dioxina eta beste ehunka konposatu toxiko atmosferara isurtzea saihestuko ditugu.

Eguzki hiru oinarritan ados dago OiartzunBai-rekin (OB): edozein ereduk arrakasta izateko herritarren elkarlana behar duela, helburua ahal den gehiena berrerabiltzea eta birziklatzea dela, eta zabor bilketaren ereduari buruzko herri-galdeketa burutzearena, gizartearen hitza jasotzea alegia, are gehiago politikari profesionalak eta ustelkeria itzelaren garai hauetan, osasun demokratikoaren oinarria izanik.

Aldi berean, Euskal Herrian eta Oarsoaldean enpresa lobby-ak, politikari profesional horietaz baliatuta, hainbat proiektu inposatzen ari dira. Eguzkikook ados gaude atez ateko bilketaz galdeketa egitean, baina betiere, lurraldearen antolaketan askoz ere eragin handiago duten gaiei buruz ere, ildo beretik, herri-galdeketak abiatzen badituzte gure erakunde publikoek, hala nola: errausketa-plantaz, Abiadura Handiko Trenaz, Zamalbideko autopistaz, Jaizkibelgo superportuaz eta zerga politikaz.

Deigarria da OBk proposatzea gizarteari soilik aurrerapen sozialak ekartzen dituen proiektuez galdetzea, eta ez lurraldearen artifizializazioa eta suntsipena ekartzen dutenez edo dugun zerga politika atzerakoiaz.

Era berean, Oarsoaldeko Eguzkik ez du ulertzen OBk zergatik nahi duen borondatezkoa izatea birziklatzea, eta ez zergak biltzea, Gizarte Segurantza ordaintzea, hezkuntzaren derrigorrezkotasuna, eta abar..

Bestalde, eta AABrako beharrezkoak izango den inbertsioa dela-eta, OBkoek esan dute 1'5 milioi euro zenbateko onartezina dela, baina ez dute aipatzen proiektu erraldoietarako hiritarrek zenbat ordaindu beharko dugun: erraustegia (400 milioi euro), AHT (10.000 milioi) edo Jaizkibelgo superportua (1.500 milioi).

Hondakinen gaian Oiartzunek norabide zuzena hartu du gure ustez, iraunkortasunaren bidean hain zuzen. Jarrai dezagun lanean boikotik gabe aurrerapenak gure gizartera zabaltzen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo