Durangoko Azoka
Kulturaren etorkizuna diren haur eta gazteek eskaintza zabala dute gozatzeko
Azoka egiten hasi zirenean txikiek leku gutxi zuten bertan; denborarekin toki handiago eta egokiagoa lortuz joan dira, ordea. Hogei urte dira Berbaro elkartea sortu zutela, eta Gerediagarekin batera, Haur Literatura Aretoan irakurzaletasuna eta musika sustatzeko lanean ari direla. Miren Agur Meaberen «Olatu guztien gainetik», Yolanda Arrietaren «Agur, ama!» eta Toti Martinez de Lezearen «Nur eta herensugearen tenplua» aurkeztuko dituzte gaur bertan.
Maider IANTZI | DURANGO
11.40, aurkezpen aretoa. Haurrak lurrean eseri dira. Bueno, egia erran, Hazparnetik etorritako neska-mutiko hauek ez dira hain umeak, baina irrikatzen daude Pirritx eta Porrotx ikusteko, inguruan elkartu diren heldu guztiak bezala. Argi dago pailazoek ez dutela adinik eta herritarrek ikaragarri maite dituztela. Han ari dira sudur gorriekin argazkiak ateratzen. «Ez daukagu argindarrik eta, beraz, ezta ordenagailurik, pantailarik eta mikrofonorik ere. Baina gu gaude eta hori da inportanteena», hasi zen bikotea.
Amona Josefinak koloretako jantziak egin eta bizitzan ematea zein garrantzitsua den irakatsi die, eta jolas baten bidez irudikatu zuten emakume jakintsu honek errana. Lehen kafea egiteko erabiltzen zen «pasadore» horietako bat atera eta oihalak sartzeari ekin zioten: urdina, zeruaren eta itsasoaren kolorekoa; horia, atzo bezalako egunetan konturatu ez arren, egunero ateratzen den eguzkia bezalakoa... «Barrura!», oihukatu zuten neska-mutilek eta, orduantxe, magia: argindarra etorri zen! Belarraren berdea, kalabazaren eta Nafarroako perretxikoen laranja, emakumeen morea eta marrubiaren gorria sartu zituzten pasadorean, eta denek bihotzetik airea hartuz eta putz eginez, Iraia eta Peio umeek kolore guztiak biltzen zituen oihal bat atera zuten. «Egunero, dauzkagun gauza politenekin bandera bat osatu eta astindu egin behar dugu», animatu zuten jendea.
Sarrera txiki honen ondotik, «Ane Pirata» liburua aurkezteari ekin zioten, Mitxel Murua idazlea ere publiko artean zela. «Ane ospitalean ezagutu genuen duela lauzpabost urte; minbizia zuen. Gu pailazoarena egitera joan ginen eta, azkenean, berak egin zuen pailazoarena guretzat eta zur eta lur gelditu ginen. Gaixo dauden umeengandik asko ikasi dugu: tristurak eta penak txikiagoak dira partekatzen badira, gauza txikiak baloratu egin behar dira, bizitzan gauza txar batzuk gertatuagatik onak kontuan hartu behar ditugu, eta urteak betetzea garrantzitsua da, baina garrantzitsuagoa abenturak bizitzea». Anek txunditu egin zituen eta, hortaz, ipuin bilduma osatzea erabaki zuten.
«Ane Pirata» lehenbiziko alean, neskatoak Patakon piratarekin bizitako abenturak daude. Liburuarekin batera, bideoklip bat ere erakutsi zuten, Aitor Gorosabelekin eta Donostiako Piratekin grabatua, eta DVD bat, urte osoan landutako saioa jasotzen duena. Eskola txikien festa; Korrika; Joseba Sarrionandiak idatzitako «Hodeia» kantatuz globoan egindako bidaia; katalanera itzulitako «Ilargiaren sekretua pelikula»; Jon Maiak idatzitako «Abuela Maria Luisa» euskal sevillana... Hainbat ikus-entzunezko aurkeztu zuten Pirritx eta Porrotxek.
Bitartean, Haur Literatura Aretoan, Iraide eta Nerea dinamizatzaileek jinkana egin zuten haurrekin. Oraindik lasai zeuden, baina gaurtik aurrera toki guztietatik etorritako umeekin ibiltzea espero zuten. Karaokea, antzerkia, ipuin kontalariak, eskulanak... euskararekin eta euskal kulturarekin zerikusia duten hamaika ekintza eginen dituzte asteartera arte. Gaur, adibidez, Alaitz Murok Kataluniarekin lotutako istorio bat kontatuko du, «Ikazkinaren alaba».
Mahairik mahai ibilaldia eginez, neska-mutikoentzat mila proposamen ikusi genituen Azokan. Ttarttalon, jolasteko liburu politak zituzten: urte eta erditik gorako umeek ukimena lantzeko lan bat, akordeoi formatuko «Lagundu!!!» liburua, «Ikusi-makusi» asmakizunak... Mariñeren istorio biziak eta «Amonak Alzhei... zer?» alzheimerra umeen ikuspuntutik azaltzen duen ipuin goxo eta hunkigarria ere eskura zitezkeen.
Ametsa Soften euskara sustatzeko bideo jolasek arrakasta itzela zuten, eta euskarazko filmak zinemara eramateko egiten duten lana ezagutarazten ari ziren Tinko euskara elkartekoak. Bikoiztutako kanpoko filmen DVDak saltzen zituzten. Amagoia bertako langileak jakinarazi zigunez, abenduaren 31n «Igelak eta zapoak» estreinatuko dute pantaila handian.
Ikastolen «Gure gorputza» eta «Urtaroak eta hilak» puzzleak eta «Hitzen lotoa» bingoa; Labayruren «Zuztarretatik ahora»; «Krokoren baserria» munta daitekeen liburua; umeekin jolas egiteko Eneko Atxaren «Errazetak»; Poxpolo eta Mokoloren «Patxadan!!» diskoa; Xabier Mendigurenen «Musuen gustua»; Xabier Etxanizen «Puntaren punta bat (haur folklorearen bilduma)»... Errandakoa, eskaintza izugarri zabala euskal kulturaren etorkizuna bermatzeko.