GARA > Idatzia > Kultura

Durangoko Azoka

«Seaska 40 urte euskararen alde», ama hizkuntza hedatzearen aldeko apustua

Seaskak berrogei urteko ibilbidea bete du aurten; lau hamarkada Ipar Euskal Herriko haurrei euskara hutsezko heziketa bat eskaintzen, eta guztia guraso eta irakasle baten arteko nahiari esker.

Ariane KAMIO | DONOSTIA

Dagoeneko berrogei urte bizkarrean hartuta, lanean jarraitzen dute Ipar Euskal Herriko Seaskako ikastolek. Gutxik ezagutzen duten historia bada ere, guraso eta irakasle baten arteko nahiak bultzatuta eman zituen lehenengo urratsak. Beren seme-alabentzat, beren ikasleentzat, euskara hutsezko irakaskuntza nahi zuten, eta lortu zuten.

Urte horietan guztietan jazotakoak bildu ditu orain Elkarrek «Seaska 40 urte euskararen alde» liburuan. Maialen Garatek eta Xan Airek idatzita, azken hamarkadetan jazotakoak eta aurrerantzean dituzten erronkak biltzen dira ale horretan.

Zerotik hasiak

Paxkal Indo Seaskako lehendakariaren arabera, «lehenengo guraso eta irakasle haietatik, segidan, hamar urteren buruan Seaskako ikastolak Ipar Euskal Herri osoan hedatu ziren, Baionatik Maulera eta Atarratzetik Hendaiara. Horrek eman zigun behar genuen oinarria». Hortik abiatuta, pedagogia eta euskararen sistema asmatzea egokitu zitzaien, «zerotik hasi ginen». Traba ekonomikoek zeresan handia eman izan dute, izan ere, Estatu frantsesak ez baitu onartzen diru publikoa irakaskuntza pribatuan inbertitzea.

Nolanahi ere, beti da nondik zer ikasi, eta eskuz eskuko lanak abiarazi du Seaska bere helmugetarantz. Datozen berrogei urteetan ez al da ba nahikoa eskurik izango euskara partekatzeko?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo