Baserritarrentzako aurrekontua %17 murriztu nahi dute Gipuzkoan
Gipuzkoako Foru Aldundiak datorren urterako aurkeztu berri duen aurrekontu proposamena «onartezina» da baserritarrentzat. Aurrekontu osoa %1,01 hazi da. Landa Ingurunearen Garapenerako Departamentuarena, berriz %17,05 murriztu dute. Hainbat laguntza ezabatu egin dituzte eta besteak murriztu, %20, %50 eta %70eraino. Gainera, departamentuaren aurrekontuaren %26 langileriaren gastuetarako da.
Amaia ZURUTUZA
EHNE nekazaritza sindikatuak prentsaurrekoa eskaini zuen atzo nekazaritza sektoreko hainbat elkarte eta kooperatibarekin batera, Gipuzkoako Foru Aldundiak 2010. urterako aurkeztu dituen aurrekontuak baserritarrentzat «oso txarrak» direla salatzeko.
Landa Ingurunearen Garapenerako Departamentuaren partida edo aurrekontu sailak, eta zehazki nekazaritzari dagozkionak, «onartezinak» direla adierazi zuen Garikoitz Nazabal EHNEko kideak. Baserritarrei zuzenduriko dirua asko murriztu dela, eta are gehiago, partida garrantzitsu hainbat desagertu ere egin direla azaldu zuen Nazabalek.
Lehenik, Foru Aldundiko aurrekontu osoa %1,01 hazi dela azaldu zuten. Landa Ingurunearen Garapenerako Departamentuaren aurrekontua, berriz, %17,05 murriztu dute. Era berean, departamentuko aurrekontu osoaren %27 langileriaren gastuetarako da, beste departamentuetan batez beste %2,5koa bada ere kontu sail hori.
Inbertsioetarako laguntzarik ez
Nekazaritzarekin zerikusia duten bi programa %20,5 eta %25 murriztu, eta Inbertsioetarako Laguntza Plana ezabatu egin du Aldundiak hurrengo urterako. 2009. urtean jada plan honetarako 400.000 euroko partida onartu bazuten ere ez zutela diru hori bideratu azaldu zuen Nazabalek, are gehiago, diru hori aurreko urteetako zuloak tapatzeko erabili dutela, «juridikoki ere dudagarria den operazioan».
Antzera egin dute Gazte Planarekin. 2009rako 402.000 euroko partida onartu bazuten ere, ez zuten diru hori bideratu. Hurrengo urterako berriz, 150.000 euroko aurrekontua ezarri diote, bideratu zen azken aurrekontuan baino %71 gutxiago. Era berean, gazteentzako bekak %75 murriztu dituzte.
Mendi Nekazaritzako Laguntzei dagokienez ere, %26 gutxitu dute aurrekontua. Elkarte profesionalei zuzendurikoa ere %15. Behi edo ardi elkarteetako abeltzainek kobratzen zituzten hazkuntzarako laguntzak ere ezabatu egin dituzte, eta baserrietan aholkularitza zerbitzua eskaintzeagatik edo ordezkapen zerbitzuagatik Kooperatibei bideraturiko partida %49 murriztu da bi urtean.
2.250.000tik 200.000ra
Murrizketa gogorra jasan du hala nola Landa Garapenerako Elkarteei bideraturiko partidak. 2.250.000 euroko aurrekontua izatetik, ia desagertzeraino, 200.000 euro. Basogintzarako, hau da, basoak landatu, garbitu, kimatu nahiz entresakak egiteko partida %85 murriztu dute. 2008an bi milioi euro ezarri baitzituzten, eta hurrengo urterako 334.000.
Murrizketak, handiak gainera, eta ezabaketak. Horixe da baserritarrek Gipuzkoako Foru Aldundiko aurrekontuetan aurkitu dutena. Beste hainbat alorretako aurrekontuak, ordea, ez direla murriztu ikusi dute, eta kasu batzuetan handitu ere egin direla, hala nola langileriaren gastuetara bideraturikoa edota administrazioak sortutako «edo elikatutako» enpresa parapublikoei zuzendurikoa. Baita baso lurrak erosteko, edo udaletxeentzat eraikuntza polibalenteak egiteko ere.
Egoera honen aurrean eskaera zehatzak egin zituzten atzo baserritarrek. Lehenik, Landa Garapenerako Departamentuak Gipuzkoako hainbat udalei ematen dizkien bost milioi euroak nekazaritzarako bideratu daitezela eskatu zuten, udalei diru laguntza ematea ez baita departamentu honen beharra.
Bestetik, langileria gastua eta enpresa parapublikoetako partidak murriztu ditzatela nahi dute. Azkenik, 2010. urterako guztiz beharrezkoak ez diren partidak gutxitu edo kentzeko eskatzen dute, «adibidez ez da lehentasunezkoa aurten baso lurrak erosteko horrenbeste diru bideratzea».
Gipuzkoak EHNE sindikatua, Lurgintza eta Ehnelur Kooperatibak, eta Biolur, Ele, Gife, Gimebel, Betizu, Gitxael, Hebe eta Tolomendi elkarteak izan ziren atzo Donostian Gipuzkoako Foru Aldundiaren 2010eko aurrekontuen gaineko irakurketa bateratu hau aurkeztu eta hainbat eskaera zehatz egin zutenak. Azaldu zutenez, jada egin dute bilera Foru Aldundiarekin, baina bertako arduradunek ez dute aurrekontuak aldatzeko borondaterik azaldu.
Datorren asteazkenean Foru Aldundiaren parean elkarretaratze egitera deitu dute elkarte eta kooperatiba hauek.
Iñaki Lazarobaster EHNEko kideak Foru Aldundiak 2010. urterako aurkeztu dituen aurrekontuak baserritarren ikuspuntutik «oso txarrak» direla salatu zuen atzo. Rafa Uribarren Landa Garapenerako diputatuak, nahiz Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak, euren diskurtsoetan, «baserritarrak estrategikoak» direla maiz adierazten badute ere, ondoren, lehentasun politikoak ezarri behar direnean, gauzatzen dituzten ekintzak euren diskurtsoarekin bat ez datozela adierazi zuen.
Baserritarrek elikadura produzitu nahiz ingurumena zaindu eta kudeatzen dutela esanez, garapen iraunkorraren diskurtsoa ederki osatzen dute arduradun politikoek. «Hitzetatik ekintzetara» dio, ordea, euskal esaerak, eta kasu honetan, hitzak eta ekintzak kontrajarriak direla adierazi zuen Lasagabasterrek. «Aldundia gezurretan ari da», esan zuen.
Hala, Foru Aldundiarekin bildu direnean bertako arduradunek baserritarrei zuzenduriko aurrekontua murriztu izana «hala egokitu delako» izan dela esan diete. Alta, Lazarobasterrek argi adierazi zuenez, «beraiek erabakitzen dute zer indartu eta zer ez».
Era berean, azken urteetan Landa Ingurunearen Garapenerako Departamentuak landu beharreko eremuak handitu egin dituztela adierazi zuen, nekazaritzarekin zuzeneko harremana ez duten eremuak bere baitan bilduz. Aurrekontuak ez dituzte era berean handitu, ordea, eta azkenean, «baserritarrok galtzen dugu», azaldu zuen. A.Z.