GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Xabier Izaga Irakaslea

Hitz egin dezagun poesiaz

Ainara Bakedanok herenegun, kartzelatu zuten egunean, Guardia Zibilak egin zizkion torturen berri eman zuen. Joan den asteko -eta urteko- sarekadaren azken atala izan dira, oraingoz, Bakedano kartzelatzea eta haren tortura salaketa. Gazte horiek guztiak kartzelatzeko autoak ez du elementu berririk agertu: terroristak dira, eta, edozein akusaziok ondo funtsatua behar duenez, gazteon herrietan denok genekiena idoro digu epaile zorrotzak: honelakok gaztetxe bat itxi zuteneko protestan parte hartu zuen, halakok Donostiako jaietako herri ekimen publiko eta arrakastatsu batean, bestelakok -eta hori bai zuritu ezina- senitarteko preso baten gutuna jaso zuen... Baina horiek herenegungo, joan den asteko, joan den urteko eta aspaldi luzeko kontuak dira. Dena esana dago eta gogaikarria da horretaz hamaikagarrenez jardutea. Hargatik, konprenigarria da hedabide askok horren gaineko aipurik ere ez egitea. Bakarren batek esango du igandean Donostian biktima ofizialei egin zieten omenaldia ere hamaikagarrena izan zela, eta hori ere egia da, baina kontuz, desberdina da eta: asper-asper eginda gaituen kontu horrek gizarte alarma sorrarazten du.

Ekin diezaiogun, hartara, beste gai bati, gogaituko ez gaituen gai bati, alegia. Atzo Durangoko Azokak ateak zabaldu zituen, eta Euskal Telebistan ere tartea izan duen albistea da hori (¿cómo no? ¡Pero si van a emitir hasta lo de los versolaris!); hortaz, abagune aproposa dirudi literatura edo musika hizpide ekartzeko.

Hitz egin dezagun poesiaz. Baina modako poesiaz, ez zikintzerainoko hautua aldarrikatzen zuen hartaz, ez obreroak eta euskaldunak astindu nahi zituenaz. Eta poesiaren definizio zehatzik ez dakidan honek badakit, ordea, haren muina, literaturaren muina nola azaldu; burura datorkit Viktor Shklovskik duela mende bat agertu eta literatura teoriak gidatu zituen ideia -ostranenie edo arroztea delakoa- zehaztasunez azaltzen duen irudia: aspalditik etxean falta den presoaren ama mahaia bostentzat atontzen. Mikel Laboa modako kantariak ere aspaldi erreparatu zion huraxe, hain zuzen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo