GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Floren Aoiz www.elomendia.com

Bush Moncloan

Obamaren irudia hartu nahi du Zapaterok, baina Bushen bidea darama. Obama ez da askoz ere aurrerakoiagoa, baina nabarmena da inperioa defendatzeko Bushek hartu zuen jarrera eskuratu duelako gaur egungo Gobernu espainolak

Nobel Saria jaso duen Obamak militar gehiago bidaliko ditu Afganistanera. Bakea egiteko, jakina. Munduko «progre» guztiek aunitz maite dute Obama, aldaketa ordezkatzen duelako-edo. Afganistanen ez dute hori pentsatuko, ezta beste hainbat lekutan ere. Inperioaren buruak inperioa babestu nahi du. Hori begi-bistakoa zen hasieratik, baina batzuk orain hasi dira antzematen.

Halarik ere, nik ez dut Obamari buruz hitz eginen, aurretik Etxe Zurian ibilitako Bush jaunaz baizik. Bush bilakatu da inperioaren jarduerarik bortitzenaren ikurra. Terrorismoaren kontrako borrokaren aitzakiaz joera erasokor eta itxia mantendu zuena. Indarkeria politikagintzaren oinarri nagusitzat jotzen zuena.

Rodriguez Zapatero Bushen aldera jartzea ez da «progre» horien gustukoa izanen. Talantearen gizona, berriz, Euskal Herriari dagokionez Aznarren astakerien gainetik pasa da jadanik. Zapaterorekin gauzatu dute Mayor Oreja eta Redondo Terrerosek Aznarrekin erdietsi ez zutena. Zapatero izan da -eta da- UPNrekiko elkarbidearen sustatzaile sutsua. Zapaterorekin kartzelak betetzen ari dira politikagintza besterik egiten ez duten euskaldunekin. Gaur egun PP mezurik gabe gelditzen ari da Euskal Herriaren aurrean. Ezin dio deus ere leporatu PSOEri. Ezin du jarrera bortitzagorik eskatu, Aznarrek egin ez zuena egin baitu Zapaterok. Garai batean estrategia gogortu beharra zegoela zioen PPk. Egun, berriz, mezu horrek ez du lekurik. PSOEk bereganatu du. Urrutira iritsi da Zapatero: GALen garaietan protagonismo berezia izandako Jauregui azaldu zaigu ezker abertzalearen joeraren inguruko ñabardurak mahai gainean jartzen! Nor eta Jauregui!

Obamaren irudia hartu nahi du Zapaterok, baina Bushen bidea darama. Obama ez da askoz ere aurrerakoiagoa, baina nabarmena da inperioa defendatzeko Bushek hartu zuen jarrera eskuratu duelako gaur egungo Gobernu espainolak. Bush Moncloan. Guantanamo erraldoia. Tratu txarrak euskal atxilotuendako, Nazio Batuen salaketak errepikatzen direlarik. Politikariak kartzelara, ilegalizazioak, sarekadak, errepresioa nonahi. Eta itxikeria nagusi. Iruñean, Gasteizen, Madrilen. Hau da Zapatero, talantearena! Bestelako jarrerak agindu zituen Moncloara iritsi zelarik, baina orain ongi dakigu nor den Zapatero. Ikasi dugu espainiar nazionalista sutsu eta bortitza dela, Aznarrek zeharkatu ez zituen mugak gainditu nahi dituena. Bushek bezala, Zapaterok «biktimak» erabiltzen ditu estrategia bortitza justifikatzeko. Emozioen bitartez janzten dute jarduera erasokorra. Zapaterok Bush eta Uriberen bidea hautatu du. Bere inperio ttikiaren defentsa bortitzarena, finean.

Hertzainak taldearen kanta gainditu du Zapaterok. Ohe hutsak ez dira «bostehun eta hirurogeita lau», askoz ere gehiago baizik. Kopurua zehaztea arriskutsua da, gainera, astero gizentzen baita espainiar indarkeriaren zerrenda beltza. Kantak aipatzen dituen taupaden zenbakia handitzen doa. Baina kantua oraingoan ere zuzen doa gure bihotzean taupada gehiago daudela esatean. Moncloan Bush, Obama, Zapatero, Aznar edota Francoren izpiritua egonik ere, «hotz amaigabe bat baino latzago» izanik ere, gure herriaren taupada ez da geldituko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo