GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

AIZKORA Urrezko lehiaketa

Hamabi bikotek ekingo diote Binakako Txapelketari

Senosiain anaiak Lopezen eta Mugertza II.aren aurka jokatuko dute gaur lehiaketako lehen saioa.

p041_f02.jpg

Jon LEUNDA

Binakako Urrezko Aizkora gaur bertan jarriko da abian, eta atzo egin zuten aurkezpena. Bertan hamabi bikote lehiatuko dira lau multzotan banatuta. Lehen fasean ligaxka eran jokatuko da, eta multzo bakoitzeko azkena kanpoan geratuko da.

Bigarren fasea final-laurdenak jokatuz hasiko da, eta kanporaketa eran jokatuko da hortik aurrera. Finala ekainaren hasiera aldera izango da Azpeitian. Multzoak honela geratuko dira. Lehenengoan, Lopez-Mugertza II.A, Senosiain anaiak eta Nazabal-Jauregi arituko dira.

Bigarrenean, berriz, Arria-Txapartegi, Mujika-Zubiaga eta Arrospide-Erasun arituko dira. Hirugarrenean, Otaño-Lasa, Rekondo-Atutxa II.a eta Mugertza I.a-Etxeberria. Laugarrenean, Azurmendi-Ugarteburu, Larretxea aita-semeak eta Olasagasti-Etxebeste.

«Uste dut bikote oso orekatuak jarri ditugula, eta lehiaketa ederra izango dela», esan zuen Luixmari Bengoak, Egur Sport enpresako arduradunak.

Aurten gainera ez da Lehen Maila bakarrik izango, izan ere Bigarren Mailako Txapelketa ere antolatu dute. Urtarrila inguruan hasiko da hori, eta zortzi bikote lehiatuko dira. Bigarren Mailakoan hasieratik jokatuko dute kanporaketa eran.

Aizkolari gazteak, eta horren gazteak ez direnak tartekatu nahi izan dituzte bertan, eta lehiaketa hau ere oso erakargarria izango da. Hauek dira parte hartuko duten bikoak: Kañamares II.a-Kañamares III.a, Rodriguez aita-semeak, Aizpuru-Mugertza III.a, Erdozia-Saralegi II.a, Saralegi I.a-Olano, Alkizalete anaiak, Beltza-Vazquez eta Dorronsoro-Irazabal.

Txapelketa gaur bertan abiatuko da. Lizarran izango da, bertako pilotalekuan, 12.00etatik aurrera. Senosiain anaiek Lopezen eta Mugertza II.aren aurka neurtuko dituzte indarrak. Lehen multzokoan neurketarekin abiatuko da, beraz, txapelketa. Saioa orekatua agertzen da, baina agian Lopez eta Mugertza agertzen dira faborito. Lezaungoa oso une onean dago, eta bere babesean Mugertza gazteak lan bikaina egingo du.

Senosiaindarrentzat ere ez da lan txarra. Lan laburrak dira, eta Antoniorentzat ez da txarra, eta bere alboan Aitorrek ere lan bikaina egin dezake. Lehiaketa garaipen batekin hasten duenak, final-laurdenetan sartzeko urrats garrantzitsua emango du, eta galtzen duenak, berriz, presioa izango du, izan ere geratzen zaiona irabaztea ezinbestekoa izango du aurrera egin ahal izateko. Multzo honetako beste bikoa Nazabalek eta Jauregik osatzen dute, eta beraiek dira faboritoak, batez ere Nazabal bertan dagoelako, eta une honetan beste guztien gainetik agertzen da bera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo