Mutiloak kargu politikoa duela onartu behar du
Kirola eta politika ez omen dira nahastu behar. Hala esaten dute politikariek, kirolariek esateko dutena gustuko ez dutenean. Jakina, hauteskunde kanpainan ikuspuntu hau malgutu egiten dute. Horrexegatik, kirolariek ez dituzte politikariak gehiegi maite, maiz lotsarik gabe erabiltzen dutelako beraien irudia. Bestetik, kirolariak herritarrak ere badira eta beren ideologia, dena delakoa, izan eta defendatzeko eskubide osoa dute. Orokorrean kirolariek ez dute ezer irabazten pentsatzen dutena esateagatik. Areago, sarri kostu bat ere jasan behar dute pentsatzen dutena defendatzeagatik.
Bestelakoa da Administrazioan kirol arloa kudeatzen duten politikarien kasua. Logikoa denez, politikariek izendatzen dituzten heinean, duten ideologiagatik hautatuak dira, besteak beste. Zentzu honetan, kirola eta politika ez nahasteko eskatuz Patxi Mutiloak atzo egin zituen adierazpenak harrigarriak dira. Gustatu ala ez, bere kargua politikoa dela onartu behar du, eta bere gainetik dauden arduradunak PSOEko agintariak direla, PPrekin akordioa duten politikari profesionalak, alegia. Hori da berak ordezkatzen duena, ez gehiago eta ez gutxiago.
Hortik aurrera, esandako beste zenbait kontu albo batean utzita, hobe luke kirolariak errespetu handiagoz tratatzea. Beraiek, ondo edo gaizki, konpromisoz esaten dute pentsatzen dutena. Berarentzat, ordea, lanbide berria da: politikaria.