Durangoko Azoka
Miquel Gros: «Euskara, hizkuntza baten berreskurapenaren eredu ezin hobea da»
«El euskera en la Comunidad Autónoma Vasca (2009). Una aproximación a la diversidad lingüística» aurkeztu zuen Euskaltzaindiak Durangon. Egilea, Miquel Gros i Llados abokatu eta soziolinguista katalana.
GARA | DURANGO
Kataluniako kultura da Azokako 44. deialdiko gonbidatu nagusia eta Gerediaga elkarteak, Institut Ramon Llull-ekin elkarlanean, ekintza kultural ugari egingo ditu Durangon. Aukera hori baliatuz, Institut d'Estudis Catalans eta Euskaltzaindia erakustoki berean izango dira Azokak iraun bitartean, eta beren argitalpenen berri emango diote publikoari. Nabarmentzekoa da, besteak beste, atzo Azokan aurkeztu zuten Miquel Gros katalanak egindako ikerketa lana. Euskaltzaindiak argitaratu du, Jagon bildumaren 8. zenbakian.
2007an, Miquel Gros i Llados-ek «Recuperación del euskera en Navarra« lana argitaratu zuen, Euskaltzaindiaren eskutik. «El euskera en la Comunidad Autónoma Vasca (2009). Una aproximación a la diversidad lingüística» tituluan, Nafarroari buruzko lanaren ildoari jarraiki, 1981etik hona Euskal Autonomia Erkidegoan euskararen garapenak egin duen bidea erakutsi du, bost urtean behineko errolden estatistikak aintzat hartuta. Ezagutza mailan eman den aurrerapauso esanguratsua aitortuta, dena den, hizkuntza baten berreskurapenak gainditu behar dituen trabak azaleratzen ditu. Abagune horretan, eta Europa eta Estatu espainolaren eremuan agerikoa den hizkuntza aniztasuna kontuan hartuta, Miquel Grosen lanaren planteamendu nagusiak Gobernu espainolaren hizkuntza politika eskatzen du, estatu mailakoa, herrialde eleanitza dela behingoz aitortuz.
Egilearen beraren esanetan, «lan honen helburu xumea izan da Euskal Autonomia Erkidegoko hiru lurraldeetan euskarak izan duen eboluzioa erakustea, hizkuntza lanei ekarpen txiki bat egitea».
Europako eta Estatu espainoleko errealitate eleanitzaren azterketa du abiapuntu lanak. Bigarrenik, «ahalik eta modurik objektiboenean», euskararen garapena erakusten saiatu da egilea, «baita etorkizuna aurreikusten ere», adierazi duenez. 1981etik hona egindako erroldak hartu ditu oinarri bertan jasotako emaitzak biltzeko. Bere ustez, «euskara, hizkuntza baten berreskurapenaren eredu ezin hobea da, gizartearen babes zabala duelako, eta ezagutzak gorakada esanguratsua izan duelako». Haatik, egin beharreko bidea «luzea» da oraindik. Izan ere, «emaitzok etorkizun itxaropentsua erakusten badigute ere, ezin dugu ahaztu hizkuntza gutxituek gainditu beharreko oztopoak asko eta oso handiak direna».
Maila honetan, Miguel Gros i Llados-ek proposamen bat jaso du liburu honetan, ekin honetan jauzi kualitatiboa ekarriko duena, hizkuntza txikietako lurralde-administrazioez gaindi. «Honez gero, belaunaldi oso batek demokrazia bizi izan duelarik, garaia du Espainiak Estatu mailako hizkuntza politika sendoa abiatzeko, epe erdi eta luzera hizkuntzen garapena bermatuko duena», azaldu du. Planteamendu hori islatu du paperean, alegia, jabetua delako botere zentralaren gaur egungo jarreraz: «Ezin zaie hizkuntza gutxituen erabiltzaileei agindu normalizazioaren lana; egunez egun, eta legeen indarrez, eredu elebakarra indartzen ari bada».
Ikerle kataluniarrak azpimarratu du euskarak «gizartearen babes zabala» duela, eta, horren ondorioz, «ezagutzak gorakada esanguratsua izan du». Dena den: «Emaitzok etorkizun itxaropentsua erakusten badigute ere, ezin ahantz genezake hizkuntza gutxituek gainditu beharreko oztopoak asko eta oso handiak direna».
Jarraipena eman dio duela bi urte Nafarroako egoerari buruz aurkeztutako lanari. Eta beldur da hirugarren partea egiterik izango ez duen, Iparraldeari eskainitakoa, «Frantziako administrazioak ez baitu baimendu hizkuntzei buruz inolako azterketarik egitea».