«BIARRITZ OCÉAN» EGITASMOA
Biarritz: itsasoaren hiriburu izan nahian
«Biharko biziaren» ikur izan nahi du 2011n Biarritzen ateak zabalduko dituen Cité de l'Océan izeneko proiektuak. 3.800 metro koadro bilduko dituen eraikin erraldoi horri, Itsas museoaren handitze proiektua gehitu zaio. Haur zein helduentzat itsasoaren erronken inguruko sentsibilizazio lana egingo da bi gune horietan, egungo ikerketak eta urteetako itsasoaren bilakaera azalduz. Biarritzek, aldiz, turismo, ekonomia, zientzia eta ingurumen arloetan garapen gune berri bat sortu nahi du.
Ainize BUTRON I
Uhin baten antzera altxatuko da Ilbarritzeko golfetik gertu kokatua dagoen La Cité de l'Océan (Itsasoaren Hiria) eraikina. Steve Holl nazioartean museo eta eraikin ugari sortu dituen New Yorkeko arkitektoa da eraikina plantan jartzeko hautatua. 3.800 metro koadrotan eraikia, Ipar Euskal Herriak ezagutu duen proiekturik esanguratsuena da hori. Xavier Leibar arkitekto eta egitasmoaren arduradunak nabarmendu zuen: «Arkitektura garaikidearen irudi berritzailea azaltzen du eraikin horrek. Biharko biziaren irudikapenaren ikurra izan daiteke».
Izan ere, itsasoaren hiri horren proiektua finkatzerakoan, Steve Hollek paisaiarekin bat egiten duen egoitza bat egiteko xedea aurreratu zuen, eta, horretarako «zeruaren azpian-itsasoaren azpian» kontzeptua sortu zuen. Teilatutik hasiz, buruz behera jarririko uhin erraldoi baten irudia hartzen du eraikinak. Kanpora kaleratzen den forma borobildu horren azpian, eraikinaren hiru laurdenak lurpean garatuko dira. «Egoitza paisaian murgildu nahi izan du arkitektoak. Horrela, irudiari dagokionez, baina, baita ekologiari dagokionez ere, eragin murritza du ingurumenean. Lurpean izaki, ez ditu kanpoko tenperaturen gorabeherak era berean jasaten. Oreka termiko bat sortzen da», nabarmendu zuen Leibarek.
Ingurumena kontuan hartzea da, izan ere, eraikin berri horren xede nagusia, itsasoa baita Biarritzek bultzatu duen egitasmo horren ardatza. «Itsasoa eremu aberats eta ahula da aldi berean. Eraikina horren ispilu da», gaineratu zuen. Zeruari irekia dagoen plaza erraldoi batekin zabaltzen da egitura berria. Eta, bertatik abiatzen den belar soro luze bati esker itsasoa ageri da zerumugan.
Eraikinaren izenak aditzera ematen duen bezala, hiri hori, osoki itsaso zabala aipatzeko baliatua izango da animazioen bidez ikuspegi zientifiko eta historikoa emateko. «Itsas hiria proiektuak itsasoaren inguruko kontzientzia hartze bat bultzatu nahi du», goraipatu zuen Didier Borotra Biarrizko auzapezak.
Biarritzen historia estuki itsasoari lotua dagoela-eta, Biarritzek naturaren elementu horren «hiriburu» bilakatu nahi du. «Toulousen `Espazioaren hiria' dagoen gisara, Biarritzen itsasoaren hiria sortu dugu», argitu zuen.
Erakusketa, haurrentzako animazio ludiko eta pedagogikoen bidez itsasoaren sorrera eta bilakaera, baliapen ekonomikoa edo kutsadura gaiak jorratuko dira, besteak beste. Egitasmo nagusi hori borobiltzeko, eraikin erraldoi horrekin batera, Biarritz Océan deituriko proiektu horretan bigarren ale bat finkatu dute: Itsas Museoa.
7.000 metro koadroko museoa
Biarritzeko Itsas Museoaren gaur egungo egoitzan eraberritze lanak egingo dituzte. Gaur egun, Portu Zaharreko hondartzatik hurbil kokatua den museoak 3.500 metro karratu egiten ditu, eta, Biarritz Océan proiektuaren bidez, azalera bikoiztu nahi da. Handitzea lurpean egingo dela-eta, bost aldiz ur bolumen gehiago barnatuko dituzte museoan. Itsas hiri gisa, 2011 urte hasierarako zabalduko ditu ateak. Eta, ordurako Itsas Museoak hogeita bost akuario berri izango ditu. Horien artean 300 eta 1.500 metro kubikoko bi harraska aurreikusiak dituzte, eta baita Karibeko lagun bat ere.
«Museoa historikoki Gaskoinako Golkoari estuki lotua dago eta ildo nagusi hori atxiki nahi izan dugu. Golf Stream korronteak zonalde hau zeharkatzen duela-eta, erakusgune berrietan Hondurasetik Gaskoinako Golkoraino aurki daitezkeen espezieak ikusten ahalko dira», esan zuen Françoise Pautrizel ozeanografo eta museoko zuzendariak.
Gaskoinako Golkoan aurki daitezkeen espezien aberastasuna goraipatu zuen, berriz, zuzendariak. «Mota guztietako espezieak ikusten direlarik, azkenean ez dakigu gehiago non bizi den zer. Garrantzitsua iruditu zaigu Gaskoinako Golkoa ezagutaraztea, eta, baita Golf Stream korronteak gure zonaldean duen eragina ulerraraztea. Golf Stream zeharkatu ahalko da museoan», gaineratu zuen.
Gaia Gaskoinako Golkoa bada ere, egungo klimaren berotzeak espezieetan duen eraginaren berri ere emango dute. Biarritz Océan izeneko polo baten bidez kudeatuko dira bi proiektuak. Itsas hirian itsasoa bere osotasunean aztertzeko aukera emango da, Itsas Museoan, berriz, lekuko espezieen gaineko ezagutza xehea eskainiko da.
Biarritz Océan egitasmoa gogorki salatu zuten 2008ko martxoan Biarrizko herri hauteskundeetan. Didier Borotra egungo auzapezaren aurkakoek egitasmo horrek hiriari ekarriko zion diru xahutzea salatu zuten. Garai horretan abertzaleak, sozialistak eta eskuineko oposizioak bat egin zuen egitasmo horren aurka, eta, bereziki Borotrak egitura pribatu eta publikoei diruz laguntzera dei egin zielako.
Egitasmoaren bidegabekeria eta handitasuna gaitzetsi zuten, bertan xahutuko zen diru zama urte askotarako engaiamendua izango zela erranez. 2008ko martxoko hauteskundeetan egitasmoa auzitara eramango zutela mehatxu egin zuten oposizioko kideek. Izan ere, Itsas Hiria egitasmoarekin Biarrizko Herriko Etxeak 21,7 milioi euro xahutuko ditu. Horietarik bost milioi diru laguntzak dira. Itsas Museoa handitzeko, berriz, 14,6 milioi euroko diru zama aurreikusia da, eta, horretarako Herriko Etxeak zazpi milioi euroko diru laguntza lortu du.
Hauteskunde garaian pizturiko aurkako boz horiek bertan behera gelditu dira geroztik, eta, gaur egun, Udalak herri bilkurak hasiak ditu Biarritzen egitasmoaren berri emateko.
Biarritz Ocean ez da egun itsasoari loturiko egitasmo bakarra. Duela zenbait urte jadanik Hendaiako Abbadiako Itsasertzaren Kontserbatorioak Getari eta Hendaia arteko itsasbazterrean babesgune bat finkatzeko aukera aipatu zuen. Itsasoa Biarritzen goraipatzea erabaki dela-eta, Itsas Museoko zuzendari Françoise Pautrizel-ek proiektu horren inguruan dauden hausnarketa guztietan parte hartzen duela adierazi zuen.
«Itsas eremu babestu bat eraiki nahi da. Dagoeneko proposamena mahai gainean dago, baina, erabakia ez da arras hartua izan. Itsas bazterra oso aberatsa da bertan bizi baitira espezie gehienak eta, gainera, ugalketa gune garrantzitsua da», argitu zuen zuzendariak. A.B.