GARA > Idatzia > Iritzia> Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Eusko-euroaldearen alde

Itzela izan zen. Banderen itzala itzela izan ere. Mahai-gainean ziren banderez nago. Orain gutxi, beheko Estatuaren lege-kolpez Ajuria Enean buru dena Akitaniako buruarekin bildu zeneko argazkian ikusi mahaiaz nago. Haxe bandera-pila mahaiaren gainera bildua! Ezin kabituzko oihal-pila! Kopenhageko goi-bileraren atarian ere ez dira hainbeste bilduko! Marko Polok berak ere bere zeta-bide luzean ikusi gabeko zeta-pila zen han. Frantzia, Espainia, Europa, Akitania, Euskadi... Vatikanokoa eta NATOkoa baino ez ziren falta; tira! argazkian behintzat ez nituen ikusi. Esan beharrik ez da, bandera batzuk handixeagoak zirela besteak baino; kasualitateaz, seguruenik, halakoetan ohikoa izaten den kasualitate beraz. Argazkian apenas ikusi zitekeen zeintzuk zeuden berbetan, banderen gainetik belarri-puntetatik gorakoa besterik ez zelako igartzen. Argazkiaren azpiko testura jo behar izan nuen jakin-mina asetzera. Itxuraz, euro-eskualde bat osatzeaz aritu ziren mandatariak. Batek daki Eustania ala Akikadi, zer demontre atera daitekeen banderarik handieneko oheetan landutako erditze neurtu horretatik. Nik ondo ikusiko nuke euro-eskualde bat sortzea Kantauriko bazterraldean, baina baldintza bakar batekin, Europan denak izatea euro-eskualde! Estaturik bat ez, ongizate-estatua ez bada, eta kasu honetan ere ganoraz iraulia. Bestela, estaturik ez! denok eskualde Europan! Baina, badaezpadakoan, bitartean, denok Estatu. Es-ta-tu, ez es-ta-tu-tu, azkeneko «tu» horrek dena kakazten du-eta. Harira! Euro-eskualdea? lehenengo urratsa izan liteke hori baldin eta eusko-euroalderako bidetik abiatuko balitz. Bai, eusko-euroaldea, ipar, hego, eki eta mendebaleko euskaldunak bildu eta munduko aldea modura antolatzeko aukera emango lukeena, estaturik gabeko Europa baterantz. Horrela balitz euskal lurralde guztietako guztiek izango lukete lekua, lurralde horietatik kanpokoek izango ez luketena. Banderak bandera, ez dut uste asmoa hortik doanik. Dena dela, balioko ote du euro-eskualde demontre horrek Hondarribiko aireportua ez zabaltzeko Miarritzekoa gertu izanda, edota Pasaiako ekoportua ez egiteko Baionakoa, ekoportua berau ere, seguruenik, hurbil egonda? Euro-ezkorra naiz ni, bai, batek zioenez ezkorra ondo informatutako baikorra baita! Baina eusko-baikorra naiz, beharbada ondo informatuta ez nagoelako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo