Xabier LEKUONA (2009/12/1)
Bartolin, berriro
Jaengo Bartolin. PPko zinegotziak bahiketa itxura egin zuen. Espainia hegoaldean bahitu, trenean sartu, Madrilera eraman, trenez aldatu, eta Irunera. Hor, furgonetan sartu zuten, baina zinegotzi ausartak salto eginez ihes egin zion ETAko komandoari. Ertzaintzako komisaldegian deklaratu ostean hasi zen Bartolinen benetako abentura husten. Heroi izatetik txistetako pertsonaia izatera pasatu zen (...).
Leitzako Bartolin. Kaserna parean mugimendu susmagarriak ikusi, hurbildu, identifikatzeko eskatu, tiroketa, zauria besoan, tiroak bularrean, ihesari ekin dio etakide batek edo bik, bata zauritua egon liteke, erabat atondu gabeko granada jaurtigailua kasernatik 100 metrora, tranpa izan liteke. Komunikabideek bertsio ofizialarekin horrela esnatu gaituzte. Ordutara, montajearen kontua.
Bata zinegotzi gizarajoa, bestea lagun armatu gizarajoa. Biak gaixoak. Leitzakoari montajea kaserna aurrean egin beharrean herriko edozein tabernan egitea bururatu izan balitzaio, akabo. Tabernan norbaitek txapelokerra ezagutu, jotzen saiatu, guardia zibilak bizitza arriskuan ikusi eta tiro egin du. Rubalcabaren bertsio ofiziala goitik behera irentsi eta horrela esnatuko gintuzten komunikabide gehienek. Beldurgarria.