Xabier LETONA
ETAra bideratzeko polizi bultzada
Espainiako legearen indarra erori da Segiko 31 gazteren bizkar eta espetxean dira. Eta bide batez, Sakabanaketa Legea medio, haien familien bizkar ere bai. Egotzitako delitu zehatzak: udako eskolak eta mendi martxak antolatzea, kamisetak saltzea, zozketak antolatzea...
Beste behin ere «dena da ETA» sare erraldoi hori erabili da ehizaldi honetarako. Espainiak lege bihurtu du, baina euskal gizartearen gehiengoak behin eta berriz eta modu askotan arbuiatu du. (...)
Ikuspegi politiko-polizial teknikoago batetik aztertuta, Espainiako Barne Ministeriotik aditzera eman denez, atxiloketa hauek ezker abertzalearen barruan ematen ari den eztabaidan biolentzia alboratzearen aldekoen alde egiten dute, Segikoak ETArengatik gertuen daudenak direlako.
Hau da, orain Segikoak atxilotzen dira Otegiren lerrokoak indartzeko -ETAren aurrean-, eta orain hilabete Otegi eta horiek ETAren aginduetara ari zirelako. Ez hanka ez buru, baina hori gutxiena da helburutzat anabasa duenarentzat.
Izatez, tankera honetako operazioek zerbait indartzen badute, hori indarkeriaren erabilera da, ENAMeko gazteei politika egitea ukatuz, bestelako ateak zabaltzen zaizkielako. Zer espero behar da, bada, egungo Euskal Herrian armen erabilera justifikatu eta egoki ikusten duen gazteari bide politikoen erabilera ukatzen bazaio? Eta zer espero behar da, bada, udako ikastaroak eta mendi martxak antolatzeagatik 8-10 urteko espetxe zigorra bereganatzen duenaren aldetik? Horietako gazte askok ETAn jarduteko benetako pausua ematea.(...)