Hernaniarren gehiengoak atez ateko bilketaren alde bozkatu du
GARA |
Hernaniko Udalak atez atekako bilketari buruzko galdeketa egin zien herritarrei, eta bozketaren emaitzak jakitera eman zituen ostiralean. Marian Beitialarrangoitia alkateak eta Izaskun Txintxurreta Ingurumen zinegotziak prentsaurrekoan azaldutakoaren arabera, emaitzekin «oso pozik» daude, izan ere, ia herritarren erdiak (%46,7) uste dute atez ateko bilketa «ona edo oso ona» dela, eta beraz, «argi gelditzen delako gehiengoa sistema honen aldekoa dela».
Honez gain, herritarren hiru laurdenek uste dute «ez duela arazorik izango sistema berrira moldatzeko».
Alkateak ateratako ondorioak azaldu zituen, eta nabarmendu zuenez, argi geratu da jendeak baduela interesa gai honen gainean. «Herritarrek zerbait egiteko gogoa dute -gehitu zuen- eta ohartu dira irtenbidearen parte izan daitezkeela». Errauste-plantari buruz, aipatu zuen emaitzen arabera argi gelditu dela «Donostialdean ez dugula osasuna mehatxatzen duen errauskailurik behar».