GARA > Idatzia > Kultura

DURANGOKO AZOKA

Jendetza izugarririk gabe, postuz postu gabiltza

Goizeko hamaika eta erdiak. Azokara hurbildu ahala betetzen doaz poltsak: AHTren kontrako egutegia dela, Etxeraten materiala, presoenganako elkartasun zozketa, lauburudun egurrezko palak eta bitxiak egiten dituen artisaua... Hainbertze gauza eskuetan, gero eta zailagoa zaigu ibiltzea.

p057_f01_135x164.jpg

Maider IANTZI I

Kafe bat hartzera abiatu gara. Eguzkiak, lasaitasunak horretara gonbidatzen gaituzte. Gazte taldeak dabiltza, familia ugari haur txikiekin, jende nagusiagoa ere bai... Hagitz ongi egoten da kanpoan. «Egunkaria libre!» aldarrikatzeko eta lelo hori duten kamisetak saltzeko postu bat muntatzen ari dira. Hormak ere aldarrikapenez josita daude: «Larrigatxu txikitzen ari dira», abisatzen du kartel batek, «Errepresioaren aurrean, gazteok batera», bertze batek. Badago dorre garai bat eta sokak hartuta bertara igotzen ari dira bi pertsona, AHTrik ez dutela nahi errateko. Handik pasatzen diren guztiek begiratzen dute gora. Lagunek azpiegitura honen kontrako banderekin ematen diete animoa eta babesa.

Plateruenan oraindik badaude mahaiak libre, pintxoren bat janez egunkaria irakurtzeko edo solasean aritzeko. Horretan ari dira Pantxoa Carrere, Mikel Martinez eta bertze hainbat lagun. Bilboko aktoreak azaldu digunez, Ahotsenea gunean Gabriel Arestik itzulitako ipuin bat kontatzera etorri da, eta behin hori eginda, eguna pasatzeko asmoa du: «Apur bat azoka begiratu, gauza batzuk erosi, ezagunak agurtu...». Ikustea gustatzen zaio eta lanen bat dendetan hain erraz aurkitzea kostako zaiola susmatzen badu, erosi egiten du.

Plateruenatik atera eta aldarrikapen gehiago: www.sinatudekalogoa.info ekimenaren sustatzaileek krisiari aurre egiteko eta eredu berri bat eraikitzeko hamar urrats proposatu eta atxikimenduak biltzen dihardute. www.sos-irunaveleia.org-ekoak ere sinatzeko eskatzen diete Iruña-Veleiako auzia argitzearen alde daudenei.

Arratsaldeko laurak. Bazkaldu eta bigarren kafea, oraingoan Momotxon, Landakotik hurbil-hurbil dagoen taberna batean. Dagoeneko aulki guztiak okupatuta daude, baina ez dago halako jendetzarik. Nahiko lasai dago Azoka.

Postuz postuko paseoan Amaia eta Erika topatu ditugu poltsak liburu eta diskoz beteta. Ondarroatik eta Muskizetik etorri dira umeekin eta buelta bat eman, artisauen lanak ikusi eta etxera itzuliko dira laster. Aitortu digutenez, inoiz ez dira esku hutsik bueltatzen eta orain ere zazpi bat liburu eta diskoren bat erosi dute: Anariren CDa, Aizu-ko lan bat eta gainerako guztia haurrentzat, eranskinak, puzzleak... «Urtero etortzen gara, txiki-txikitatik dugu ohitura eta ahal dugun guztia bertan erosten dugu, dendek salgai jarri arte itxaron gabe», kontatu digute.

Elhuyarren postuan haurrak kontent-kontent daude bideojokoetan jostatzen. Danel Solabarria langileak adierazi duenez, ostiralean baino lasaiago dabiltza, «gurasoekin daude, beraz, txintxoago». Berrikuntzak «Armix kart» lasterketa joko pedagogikoa eta panpina eta guzti datorren «Zoo zoroa» ordenagailuko jokoa dira. Solabarria gustura dago, «bezeroagaz kontaktuan egoteko urteko momenturik onena da», baieztatu du.

Txertoako Xabi ere pozik dago. «Nahiz eta jendetzarik ez egon, egun osoan dabiltza herritarrak eta nahiko ondo erantzuten ari dira, erosiz eta parte hartuz. Azoka ikusteko egun polita da gaurkoa», hasi zaigu kontatzen. «Hi!: hika ikasteko metodoa» ongi saltzen ari dira, baita Pello Zabalaren lana ere. Eguraldi iragarle ezaguna ere bertan da, anitz maite dute herritarrek eta sinadura eske edo solastatzeko gogoz etorri zaizkio.

Gaiak etxearen txokoan ere lasai dabiltza. Ekain Martinez Lizarduikoak jakinarazi duenez, zortzi liburu berri dituzte, urari, historiaurreari eta nanoteknologiari buruzkoak, bertzeren artean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo