GARA > Idatzia > Kultura

DURANGOKO AZOKA

Izaera seikoiztuta, hauspoak zabaldu ditu Ahotseneak

Bigarren egunari ere tamaina hartu zion Azokak. Jardunaldi lasaia izan zen; han-hemenka muturra sartu eta erosketak lasai antzera egiten uzten duten horietakoa. Sinatzaileak nonahi ikusi ahal izan ziren, behingoz erosleen nahien mende. Eguneko ahotsa, baina, euskal sortzaileen etxetik abiatu zen; boladaka, haize berria emango dio Azokari Ahotseneko geltokiak.

p052_f03_250x143.jpg

Ariane KAMIO I

Gaztea da oraindik. Lehenengo arnasak neurtzeko erritmoa hartzen ari da, bihotzaren taupaden mendeko, pausoan-pausoan abiatzen hasia da. Zutikako joera du, baina orekarekin borrokan jarraitzen du oraindik. Hanka bat hemen, bestea han, pauso bat aurrera, eta lurrera; baina berriro zutik, gauza bera errepikatzearren. Iaz gauza txikia zen, kasik antzeman ezina, eta hamabi hilabete geroago, lehenengo hortzak erakusten ere hasia da. Ahotseneak eman du bigarren jauzia.

Jauzia, gainera, pasa den urtean egindakoaren seikoitza da. Seikoitza, bai. 2008an goiz bakar batez aurkeztu zuen bere aurpegia jendaurrean. Iaz egun erdikoa izan zena, bada, aurten hiru egun osoko bilakatu da; esan bezala, seikoiztu egin da eta, horrekin batera, bere egitarauak ere goranzko joera izan du. Guztira (atzotik hasi eta bihar arte), berrogei artista baino gehiago bilduko ditu aurten Landako gunearen ondoan ezarritako karpak; hogeita bost oreneko errezitaldi, kantaldi eta solasaldi eskaintza.

Edorta Jimenez idazle bilbotarraren sarrerako hitzaldiak abiarazi zuen Ahotseneak aurtengo ediziorako prestatutako programa. Gogoan izan zuen orain 44 urte lehenengo aldiz Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azoka sortu zutenek egindako lana, eta azokarekin «zordun» direla ohartarazi zuen. Bere hitzetan, «dena eman zaigu eskura eta eginda», baina «aspaldion euskarazko sorkuntza lekua galtzen doa gure gizartean eta Ahotsenea pauso modura lekuko hori zabaltzera dator». Jimenezen aburuz, «datorren urtean hemen izatea eta esatea 'hirugarrena da', izango litzateke guretzat poz handiena, zifra eta portzentajeetan sartu barik».

Euskararekiko erreferentziak musikan eta literaturan aurkitzea jakina da, baina antzerkiak ere badu zer kontatu esparru honetan. Sarrera hitzaldiaren ostean, Mikel Martinezek Gabriel Arestik itzuli zuen Giovanni Bocaccioren liburuko ipuin bat antzeztu zuen, «Bocaccio (sortzailea), errenazimendua, izan ez genuen literatura, Gabriel Aresti idazle eta ekintzailea eta euskarazko antzerkigintzan jardun duen jendea uztartzen dituena». «Beharbada –jarraitu zuen–, datorren urtean euskarazko antzerkigintzari ere ateak zabaldu beharko dizkio Ahotseneak».

Lekukoa zabaltzeko ardura hartzen lehenengoa Karmele Igartua izan zen. Edorta Jimenezek berak gidatuta, bere esperientzia literarioari buruz jardun zuen ordu erdiz, hurrengo txanda Igor Estankonak hartu zuen arte. Haren atzetik, beren lanak aurkezten jardun zuten Joxe Mari Agirretxek (Porrotx), Yolanda Arrietak eta Leire Urbeltzek. Arratsaldean, Iker Goenaga, Karmele Jaio, Hedoi Etxarte eta Alain Urrutia, Bide Ertzean, Unai Elorriaga, Juan Kruz Igerabide eta Fermin Etxegoien eta Hasier Etxeberriaren solasaldiez gain, Kemen Lertxundiren emanaldia ere izan zen, eguneko kantaldi bakarra.

Azokari bira bat

Erositako aleak autoreak sinatuta etxera eramateko aukera da Durangoko Azokak eskaintzen duen abantailetako bat. Horretarako, ordea, salmahaian orduak pasa behar izaten dituzte idazle eta musikariek. Atzokoan, beste askoren artean, beren postuetan fin ibili ziren Jon Arretxe ("Xahmaran", Erein), Karmele Jaio ("Musika airean", Elkar) eta Juan Mari Irigoien ("Haragiaren gauak eta egunak", Elkar). Urtero bezala, hala ere, markak hausten, eta Azokako barrenkaleetan zaletuen ilarak sortzeko arrazoi nagusi bilakatu ziren Toti Martinez de Lezea eta bere "Nur eta Herensugearen tenplua" (Erein). Irribarretsu eta patxadatsu, banan-banan egia bihurtu zituen bere irakurleen nahiak, sinadurak, eskaintzak eta bestelakoak paper gainean zigilatuta.
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo