GARA > Idatzia > Kultura

DURANGOKO AZOKA

Presoen eskubideen aldeko lana areagotzeko garaia dela erran dute

Erlojuaren orratzak hamabietara bezala, jende ugari biltzen joan zen «Azokatik azken ziegaraino. Euskal presoak Euskal Herrira eskubide guztien jabe» pankartaren ondoan. Kultur ordezkariak eta herritar anitz eta anitz, «Utzi senideak bakean, miaketarik ez» aldarrikatzen.

p054_f02_167x100.jpg

Maider IANTZI |

Txalaparta doinuekin batera igo ziren kulturako langile guztiak oholtzara: Unai Iturriaga, Xumai Murua, Oihane Enbeita, Gorka Lazkano eta Iratxe Ibarra bertsolariak, Gose taldeko Ines Osinaga, Aitor Gorosabel Su Ta Gar-eko abeslaria, Betagarri taldekoak, Mikel Soto Txalapartako editorea, Gotzon Barandiaran eta Edorta Jimenez idazleak... Inguruan jende pila zegoen, tratu duin baterako eskubidea aldarrikatzen zuten orriak altxata.

Dispertsioak dakartzan ondorio latzez ohartarazi zuten, bai presoentzat bai senideentzat. Kolektiboa zatitzeaz gain, presoak beren ingurutik urruntzea bilatzen dutela ekarri zuten gogora. 40 pertsona baino gehiago daude espetxean kiderik gabe. Gaineratu zutenez, biziarteko zigorra ezartzeko neurriak hartu dituzte urteotan gobernu espainolak eta frantsesak. 48 euskalduni kondena beteta izanda espetxealdia luzatu diete eta beste 170 presok baldintzapeko askatasunean ateratzeko epea bete dute.

Etxeraten arabera, biziarteko zigorra ez ezik, heriotza zigorra ere aplikatzen diete gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten pertsonei askatasuna ukatuz.

Senideen kontrako mendeku neurriak ere areagotzen ari direla salatu zuten: bisitak murrizten dituzte eta aurrez aurrekoak egin ahal izateko miatzea exijitzen diete. Honen harira bota zuen bertsoa Unai Iturriagak: «Euren ezina da behin eta berriro geratzen dena biluzik».

Gotzon Barandiaranek konpromisoak berretsi zituen: «Gaixotasun larriak dituzten presoak kalera! Biziarteko zigorrik ez! Eskubide guztien jabe, presoak etxera!». Hori erratearekin, jendetzak oihu egin zuen eta emozioak are gehiago azaleratu ziren Bidane Txopiteak «762 ohe huts samina zabaltzen» kantatu zuenean gitarrarekin. Eskubideen aldeko lana areagotzeko garaia dela azpimarratu eta ekimenetan parte hartzeko eskatu zieten herritarrei.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo