GARA > Idatzia > Kultura

DURANGOKO AZOKA

Txalapartaren historia azaldu du Juan Mari Beltranek CD-liburu-DVD batean

Juan Mari Beltranek «Txalaparta» CD-liburu-DVD sorta argitaratu du Nerea argitaletxearekin. Euskal instrumentu horren historia eta hainbat sekretu ale ikusgarrian bildu ditu haren bultzatzaile nagusiak.

p049_f02_97x128.jpg

Ariane KAMIO |

Txalaparta ezkutuan izan da orain dela gutxi arte askorentzat, baina gaur egun musika tresna zabaldua da euskal gizartean. Urte gutxian, 60ko hamarkadatik hona, tradizio ezezagun izatetik euskal musikaren nortasunaren sinboloetako bat izatera igaro da, eta gazteak nahiz zaharrak harrapatu ditu, herrietakoak nahiz hirietakoak, tradiziozko kulturaren jarraitzaileak nahiz abangoardistenak.

1970eko hamarkadatik aurrera, aldaketa handia izan zen txalapartaren erabileran eta zabalkundean eta euskal musikaren mugarri eta kultura identitatearen ikur bilakatu da. Juan Mari Beltranek egindako ikerketa eta dokumentazio lan luze baten ondorioa da «Txalaparta» lana, eta musika hori ahalik eta hobekien ezagutzeko oinarriak jartzea du helburu. Arreta berezia ematen die txalapartak azken berrogei urteetan egin duen ibilbideari, eta izan duen eraldaketari, bai antzinako jotzeko eratan, bai joera berrietan ere.

Beltranek azaldutakoaren arabera, «garrantzitsua da historian zehar ezagutu ditugun txalapartariez gain, haien ingurua eta familia ere ezagutzea. Izan ere, ez ziren soilik txalapartariak txalaparta jotzen zutenak, haiek bizi ziren baserri eta etxeak ziren txalapartaren historiaren parte. Etxe haietan jaso dugu bildu dugun informazio asko».

Irudi, partitura, argazki eta grabatu ugariz osatuta dagoen liburua Beltranek bere txalapartarien laguntzarekin grabatutako CD batekin eta txalapartaren historia azaltzen duen DVD batekin kaleratu dute. Ikus-entzunezko horretan txalapartaren ordezkari gorenetako batzuek beren lekukotza uzten dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo