GARA > Idatzia > Kultura

DURANGOKO AZOKA

Hitano «estandarra» bildu du Ritxi Lizartzak bi gidaliburutan

p049_f03_88x92.jpg

A.K. |

Hitanoa noiz erabil daitekeen jakitea eta ongi erabiltzea dira Ritxi Lizartzak helburutzat hartu dituen bi muga. Bai teoria mailan, bai praktikari dagokionez Lizartzak egindako lanaren bi fruituak dira «Mintza hadi lagun!» (Mara Mara) eta «Hika egiten ikasteko gida» (Garak datorren asteburuan kioskoetan zabalduko duena).

«Hitanoaren kontuarekin aspaldi hasi ginen lanean, euskalki mailan hainbat bailaratan, adibidez Urola Kostan, asko erabiltzen delako eta beste hainbat eskualdetan ere bai; baina egia da galbidean doala. Nolabait, euskalkiko erabilerarekin arazorik izan behar ez duen beste eredu bat beharrezkoa zela sumatu genuen, bai ikus-entzunezkoetan erabiltzeko, bai antzezlanetan erabiltzeko, baita liburuetan eta literaturan ere», esan zuen. Hortik abiatuta, hitano «estandarraren» bila aritu da: «Formatu horietarako guztietarako, euskalkiez gaindi, beharrezkoa zen hitano estandarra lantzea; batetik, euskalkietan erabiltzen dena, oro har, txukuna delako, baina gaur egun jende gazte asko dago hika egin nahi duena baina eredu txukuna ez daukana; eta, bestetik, Euskal Herriko eremu guztietan ez delako hika egiten, eta jendeak jakin beharra dauka, edo abiapuntu bat izan beharra dauka hika egiten ikasteko».

Helburu horiekin hasi zen lanean, eta lehenengo pausoak lan teoriko batean bildu zituen. «Euskaltzaindiak 1994an argitaratu zuen adizki taularen gainean hausnartu genuen. Oraingoz, hori da Euskaltzaindiak hitanoari buruz argitaratu duen gauza bakarra, baina taula horrez gain badira beste alderdi asko oraindik arautu gabeak». Beraren iritziz, aditzaren erabilera morfologikoki zehaztuta badago ere, aditzaren edo hitanoaren eremua ez dago araututa; «ez dago zehaztuta muga morfosintaktikorik, zein eremutan erabili edo ez, zeintzuk diren balio sozioafektiboak, ezta adibidez, azkoitieran azaltzen diren hainbat fenomeno ere, hiperitanoa kasurako, edota beste fenomeno batzuk, euskalki mailan gertatzen direnak, baina jendeak ez dakielarik ondo dauden ala ez».

Proposamen berri bat

«Jendeak erreferentziak faltan ditu -jarraitu zuen-. Hori dela-eta pentsatu genuen lan honetan laburbiltzen den planteamentu teorikoa egitea; nolabait esateko, estandarrerako proposamen bat egiten dugu». «Mintza hadi lagun!» liburuan, azalpen teorikoak dira nagusi; «Hika egiten ikasteko gida»n, ordea, azalpenez aparte, metodologia bat osatzen saiatu da, «jendeari hika egiten erakusteko». «Nik ez daukat arautzeko aginterik, ezta gogorik ere ezer arautzeko, baina era berean nolabaiteko proposamen bat ere bada, Euskaltzaindiak, adizkia arautu eta gero, beste arau batzuk ere jar ditzan, jendeak jakin dezan zeren arabera egin daitekeen hika eta zeren arabera ez», azaldu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo