GARA > Idatzia > Kultura

DURANGOKO AZOKA

Euskal gizartearen aldarrikapenen lekuko eta isla da egunotan Landako

Azokak beteak ditu jada lanen erdiak, jende saldo handiegirik jasan gabe eta salmenta kontuei erreparatuz, emaitza pobre samarrarekin, arreta berezia bereganatu duen Ahotsenea eta aldarrikapenen plaza bihurtua den Landako alde batera utzita.

p046_f02_152x176.jpg

Anartz BILBAO I

Txalaparta hotsekin ireki zuen jarduna atzo Landakok, Juan Mari Beltran txalapartariak egindako liburu-disko dotorearen aurkezpenarekin, eta Mikel Urdangarinen ahots gozoarekin itxi, Plateruenan, kanpoan giro hezea zela. Baina Azokak ohiko dituen azalpen, salerosketa, sinatze eta besteren gainetik, «aldarrikapenen plaza» bihurtu zen Durango, kulturaz gain euskal gizarteak dituen kezka eta borroka guztien isla bihurtuta. Eguneroko hitzordua Landako gunean hasita, aurreko egunetan baino jende gehiago elkartu zen bertara. Alta, orain arte susmo zena baieztatzen hasi gara, salmahaietan direnek –azken txanpan zer gertatuko– aurten iaz baino negozio gutxiago egingo dela ihardetsi digutenean. Krisia urtebete atzerago heldu da antza, nahiz eta saltoki bakoitzak bere martxa egiten duen. Hala, asko dira liburu eta diskoak sinatu eta sinatu dabiltzan aurpegi ezagunak. Toti Martinez de Lezea, aurreko egunean bezala, gelditu barik zebilen gaztetxoen arretari erantzunez, Hedoi Etxarte eta Alain M. Urrutiak tandema osatu zuten Alberdanian, Edorta Jimenez ere, Ahotsenea utzi eta Txalapartan zebilen irakurleekin solasean, eta Kirmen Uribe sarituak ere ez dio hutsik egin urteroko hitzorduari.

Azokan lanpetuen aurkitu genituen izenen artean Pello Guerra nabarmendu beharra dugu, liburuak sinatu eta diosalka eman baitzuen goiz osoa Gararen saltokian. “La espada de los vascones” eta “Jaque mate al Rey de Navarra” liburuen egileak, “Vitoria, asedio al reino de Navarra” historikoa aurkeztu du bertan, “Cocina tradicional vasca” sukalde liburuarekin eta Ritxi Lizartzaren “Hika egiten ikasteko gida”rekin batera –atzo eguerdian aurkeztua– Gara aurten gehien saltzen ari den liburua. Goiza sinatu eta sinatu pasa ostean, aurkezpen aretoan liburuaz mintzatu zen Guerra, Iñaki Sagredorekin batera, Pamiela etxeak emandako  “Navarra. Castillos que defendieron un reino” bildumako laugarren eta azken emaitza aurkezten ari zena. Guerrak XII-XIII. mende tartean kokatzen du eleberri historikoa, Antso Azkarraren erregealdian, Gasteizko hiribilduak gaztelauen erasoei aurre egin behar izan zien garaian.

Iruindarrak esan zuenez, «ezezagun samarra da gurean gaztelauek Gasteizi egindako erasoaldia, eta bertako gazteluan izan zuten borroka latza». Liburua beraz, gure historiaren atal bat berreskuratzeko ahalegina dugu, eta modu horretan, «gasteiztarrei eskainitako omenaldia, nafarrak izaten jarraitzearren hilabeteetako borroka eman baitzioten Gaztelako etsaiari, etsi gabe».

Batak bestearen lana ondo ezagutzen dutela argi utzi –Guerrak eleberrietan erakusten duen grina goraipatu zuen Sagredok– eta gure historia berreskuratu eta ezagutzearen garrantzia nabarmendu zuten biek, «izan ginenak erakutsiko digulako zer izan behar dugun».

Azokak erosle gehiegi bildu ez baditu –tabernak topera omen dabiltza gauez–, Ahotseneak plaza bete entzule agertzen du aurkezpen bakoitzean, egonkortu eta arrakasta lortuta. Eguerdian esaterako, Gose hirukote arrasatearrak txiki utzi zuen karpa bere proposamen ikusgarri eta arriskutsuarekin. Jarraian “Olatu bat kuartelen gainetik” (Lanku) liburua aurkeztekoa zen Xabier Amuriza, eta ohartu ginenerako, arrasatearren jarduna bukatu ostean hutsik gelditu zen aretoa entzule frankorekin zen berriro. Izan ere, Ahotsenean etengabekoa da publikoaren joan-etorria. Batzuk aurkezpen jakin baten lekuko izatera hurbiltzen direnak, beste batzuk Azokako zurrunbilotik ihesi edo jakin-minez. Kontua da sortzailearen ahotsetik zuzenean ezagutzen direla bertan disko eta liburuak, eta Iñaki Bengoa (Gose) zein Amuriza bat datozela: «Sekulako proposamena da eta bat egiten dugu duen filosofiarekin».

Arratsaldean MusikHerriaren azken emaitzak edo talde berriak ezagutu genituen bertan (Adarrotsen folka eta Angerren eztanda), eta gaixotasunak tarteko azken orduko kale egiteak ere izan ziren –Makuso kasurako–. Jarduna bukatu aitzin, eta bertatik alde egin genuenean ere asko eta asko ziren Esne Zopak noiz banatuko zain bertan bildutakoak.

Aldarrikapenen plazan


Eta epizentroz mugitzen ari den Azokarekin jarraituta, eraikin nagusietatik plazara atera beharra dugu, Durangon biltzen den jende uholdea profitatuta bertan metatzen diren aldarrikapen ezberdinek ere beraien tokia merezi dutelako. Atzo, “Euskaldunon Egunkaria”ren aldeko elkarretaratzea deitua zuten eguerdirako, eta Azoka guztiz hustea lortu ez bazuten arren, txiki gelditu zitzaien Landako ondoko plaza. Gainera, egun berezia zen hemeretzi urte betetzen baitziren “Euskaldunon Egunkaria”ren lehenengo alea argitaratu zenetik. Geroxeago, denon harridurarako, AHT Gelditu! ekimeneko bi kidek –manifestaziora deitu dute gaur, 18.00etan–, ekintza ikusgarria egin zuten, Bizkaibus bat gelditu eta sabai gainera igota. Bertan poliziak inguraturik ordubete inguru egon ostean, beren kabuz jaitsi ziren ekintzaileak, ikusleen txalo zaparrada artean. Ondoan, Mendiak Aske, parke eolikoen aurkako taldearen aldarrikapena zegoen, baita Fumberri fundizioko langileen protesta ere, lantegiak itxiera arriskua duela-eta, eta Iruña-Veleiaren aldeko sinadura bilketa ere –arratsaldean ESAITek Anboto magalean zuen hitzordua–. Presoak, natura, lana, hizkuntza, kirola, elkartasun oihuak etengabeak dira kulturaz haragoko hiriburu bihurtua dugun Durangon, eta gaur ere Euskal Herriak bizi duen salbuespen egoera salatzeko, “Arte ekintza herritarra” egingo du Barru Barrutik ekimenak, 19.30ean Andra Mari elizatik abiatuta.
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo