GARA > Idatzia > Ekonomia

Islandiako egoera ekonomikoak okerrera egin du, azken hiruhilekoan %7,2 jaitsita

GARA |

Duela gutxi arte Islandiako ekonomiak gainerako herrialdeetako agintarien artean inbidia sortzen zuen, egun baina, ez du burua altxatzerik lortzen, eta azken hiruhilekoan bertako barne produktu gordina (BPG) %7,2 jaitsi da, herri horretan izandako marka negatibo guztiak hautsiz.

Islandiako estatistika bulegoak atzo emandako datuen arabera, bertako ekonomiak ez du berpiztuko den zantzurik ematen, eta aurreko urtearekin alderatuta, %7 baino gehiago erortzeaz gain, 2009ko bigarren hiruhilekoarekin alderatuta %5,7 jaitsi da.

Ildo honetan, uztailean, abuztuan eta irailean, herrialde horretako gastu publikoa %4,5 txikiagoa izan zen eta inbertsio maila %7,3 baxuagoa.

Atzo ezagutzera emandako txostenean, dena den, datu baikorren bat ere bada: kontsumo pribatua %2,8 hazi zen, eta esportazioak eta inportazioak %1,3 eta %12,9 emendatu ziren, hurrenez hurren.

Horiek horrela, urteko lehen bederatzi hilabeteetan, 2008ko epealdi berarekin alderatuta, Islandiako ekonomiak %6 egin zuen behera.

Gogora ekarri behar da 2008ko udazkenean Europa iparraldeko herrialde honek banku sektore osoa nazionalizatu behar izan zuela, bankuek beren betebeharrei aurre egiteko dirurik ez zutelako. Gainera, Islandiak Nazioarteko Diru Funtsaren (NDF) eta inguruko beste estatu batzuen laguntza jaso behar izan du sistema osoak porrot egin ez dezan.

Islandiak izan duen gainbehera ikusgarria oso deigarria da, are gehiago kontuan hartuta orain dela bost urte «tigre bikingoa» izena ematen zitzaion irla horretako ekonomia %11 inguru hazi zela eta aurreko urteak antzekoak izan zirela. Bertako biztanleak, gainera, mundu osoko aberatsenetakoak ziren.

Europar Batasunean sartu nahi

Egoera oso bestelakoa da orain, eta Islandiako Banku Zentralak uste du 2009. urte amaieran ekonomia %8,5 apalduko dela, kontsumitzaileen gastua 16,2% txikiagoa izango dela eta inbertsioaren jaitsiera ia %50era helduko dela. Datu hauek guztiek bultzatu dute Islandia Europar Batasuneko kide izateko prozesua hastera, orain arte ezinezkoa ematen duena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo