Ritxi Lizartzaren «Hika egiteko gida» banatuko du bihar GARAk
«Beldurra diogu hitanoari, ez dugulako oso ondo ezagutzen eta badirudielako inork ez dakiela bere osotasunean aztertzen. Jende askok daki, baina ez dira jabetzen», agertu du Ritxi Lizartzak. Metodologia bat aurkeztu eta erronka bota die euskaldunei: «Saiatu hika egiten!».
Maider IANTZI | DONOSTIA
«Euskalduna zara? Bada, orain, saia zaitez hika egiten. Eta baldin badakizu, baietz gauza batekin baino gehiagorekin harritu?». Horixe Ritxi Lizartzak herritarrei bota dien erronka. Donostiako filologoak metodologia oso bat proposatu du, norberak etxean bere kabuz ikasteko. Euskalkiak errespetatuz, eredu estandar bat osatu du, irakaskuntzan, edo gidoi, antzezlan eta nobeletan, jendeak hika zeren arabera egin behar duen jakin dezan.
«Sumatzen nuen bazegoela behar bat ikus-entzunezkoetan, antzerkian, literaturan eta irakaskuntzan oraindik existitzen ez den estandarrerako edo baturako hitanoaren eredu bat sortzeko. Idazle bakoitzak bere euskalkiko edo herriko hika egiten zuen gidoietan, eta hori dena batzeko beharra ikusi nuen, telesailetako pertsonaiek ez dezaten hitz egin astelehenetan Bergarako erara eta astearteetan Zarauzkoan», adierazi du Lizartzak. Euskaltzaindiak 1994an aditza arautu zuen, eta hortik abiatu zen donostiarra bere lana egiteko. «Adizkiaz gain, muga morfosintaktikoak arautu behar dira, harreman sozioafektiboetan nola erabiliko den, hori dena azaldu eta gidoilariei nola egin esan beharra dago».
Eredu txukuna
Hitanoa bere osotasunean azaldu nahi izan du, «gaurko gazteek leku askotan egiten baitute hika, baina normalean ez dute eredu txukunik erabiltzen. Herri jakin batzuetakoek, gorde dutenek, ondo egiten dute, baina jende askok dauka eredu okerra». Filologoak ongi ikasteko aukera ematen die, hitanoari dagozkion xehetasun guztiak ezagutzeko eta gero hortik nork bere euskalkira ekartzeko.
Mara Mara taldearen «Mintza hadi, lagun!» lanean ariketak eta azalpenak daude, erantzunen liburu bat ere bai, eta DVD batean audioak eta bideoak. GARAk bihar aterako duen «Hika egiten ikasteko gida», aldiz, proposamen teoriko bat da. Hitanoaren gramatika azaltzen du eta erabilera bereziak zehaztu: hiperitanoa, hiperzuzenketa... Normalean beste inon bilduta ez daudenak. Hiztegi txiki bat ere badago, bibliografia eta adizki taulen erreferentzia bat.
Lizartzaren arabera, gero eta gehiago idazten da hika literaturan, filmetan, telesailetan eta antzerkian. Pixkanaka hitanoa irakaskuntzan txertatzea eta ikus-entzunezkoetan edo aisialdiko produktuetan erabilitako eredua txukuna izatea ditu helburu. Bere lanarekin, euskaldun berriek, hitanoa sekula erabili ez dutenek eta erabiltzen dutenek ere ezusteko bat baino gehiago hartuko dutela abisatu du. «Ez diat gauza onik mutil honekin, onena uztea diat», esaten diote neskek beren buruari, toka ari direla konturatu gabe. Hiperitanoari dagokionez, «maite haut» eta «maite haunat» esaten dugu.
Lanaren oinarrian Euskaltzaindiaren arauak eta gomendioak daude, eta arautu eta gomendatu gabeko gauzetan tradizioa hartu du eredutzat. «Orain Euskaltzaindiak arautzea falta da», egin du deia.
Bueltan erantzun bat jasotzea gustatuko litzaioke, jendeak zer pentsatzen duen ikusteko. Bigarren urratsa materialak sortzea izango litzateke, hainbat esparrutarako, euskaltegietarako, adibidez.
Ritxi Lizartzak ohartarazi duenez, ez dago euskaltegi bat ere modu jarraian hitano ikastarorik eskaintzen duenik. Bera da horretan dabilen bakarra eta atzetik segida emango dion jendea izatea nahiko luke. «250 ikasle izan ditut, denak euskaltegietako edo institutuetako irakasleak, eta inor ez da ausartu ikastaroa ematen, hitanoa bere osotasunean lantzea eta ezagutzea zaila dela uste dutelako. Euskalkian ohituta daude, baina askotan ez dakite eredu txukuna duten edo euskalkikoa homologagarria den. Nire ustez, erabat homologagarria da, baina estandarra ezagutu behar dute, hori da garrantzitsuena».
«Hika egiten ikasteko gida» 168 orrialde
14,8 x 21 cm
7,95 euro