GARA > Idatzia > Kultura

XX. mendeko Nafarroa Beherearen erretratua, dantza, musika eta umorea baliatuta

Emozioa da Pier-Pol Berzaitzen azken lana ikustera hurbildutakoen artean nabarmen ageri dena. Jean Errecart nekazari, sindikalista eta politikariari eskainitako «Ze bolada» Euskal Herrian barna itzulia egiten ari da.
p050_f01_148x104.jpg

Idoia ERASO | BAIONA

«Agerraldi poetikoa da, Errecartek bizi izan zituen egoeretan bere soa izango litzatekeena ematen saiatu gara», azaldu zuen Pier Pol Berzaitzek «Ze Bolada, Jean Errecarten so begiz» sorkuntzaren espiritua azaltzean. Ideia garatzeko baliabide artistiko ezberdinak erabili nahi izan dituzte, eta, hala, musikak, dantzak, irudiek eta hitzek bat egiten dute osotasun bat sortuz. Errecartek berak idatzitako testua irakurtzen du Alliande Boutin kazetariak eta bere ahotsa lagunduz imajinak, dantzariak eta aktoreak aritzen dira taula gainean.

Sorkuntzak omentzen duen pertsona definitzeko «eraikitzailea» hitza erabili zuen Berzaitzek. Lur Berri kooperatibako ordezkariek eta omenduaren izena duen Donapaleuko lizeoko arduradunek egindako eskaeraren emaitza da Euskal Herriko txoko ezberdinetan ikus daitekeen lana. «Lan handia egin zuen militante sindikal gisa eta gero hautetsia ere izan zen». Hastapenean lurrik gabeko nekazarien alde egin zuen eta Lur Berri izan zen horren emaitza. Eskola eta Donapaleuko klinikaren bultzatzailea ere izan zen. Euskaltzaleen Biltzarreko sortzailea ere izan zen Michel Labeguerie eta Pierre Laffittekin batera.

Alliande Boutinen ahotsarekin kazetariak berak harturiko imajinek janzten dute agertokia. Zaharrak berriari lagunduz politikariaren garaikide diren imajinek ere dute giroa kokatzen. Kontatutakoari hurbiltasuna emateko bi aktorek Errecarten bizitzako zenbait pasarte erakusten dituzte. Bizitzako eszenak dira agertzen, laborari batek Ameriketan duen semearen gutuna jaso eta irakurtzen ez dakienez erretorearengana jotzen duenekoa kasu.

Gai lazgarriak

Gurseko kontzentrazio eremua eta antzeko gai lazgarriak ere jorratzen dira bertan. Erraztasunean ezkutatu ziren beste hainbat politikarik ez bezala, amikuztarrak bertan gertatutakoa salatu zuela adierazteko hitzak beharrean dantza eta irudiak erabili dituzten poesia indartsuaren baitan. «Koreografia garaikidea erabili nahi izan dut gai horrekin, gai itsusiari dagokion indarra eskaini ahal izateko. Beste une batzuetan euskal dantzak ere badira».

«Harritu naiz nola ohoratu duten ederki barnealdean bizitzea zer den, izugarrizko emozioa sortu dit eta inpresioak idatzi nahi izan ditut, kondaira bat», esanda azaldu zuen Pierra Lako jutsitarrak Donapaleun «Ze bolada»ren estreinaldiaren ondoren Jean Errecarten garaikide honek ikusgarriak beragan eta hurbilekoen artean sortu zuen emozioa. Euskal Herrian zehar ezagutzera ematen ari den pertsonaiaren bizitza eta bizipenek lehenik eta behin etxean egin dute bidea.

Hitz ederrak besterik ez dira irakurtzen Lakok egindako lanean. «Aitzinean genuela Errecart jaunaren irudia/ezpainetan zuela irria eta boneta ederki ezarria». Antzezpenaren sortzailearentzat ere baditu zenbait hitz: «Milesker beraz bihotzetik Berzaitz jauna/ merezi zuen bezala oroitu duzue Errecart jauna/ haren etsaiek baino haundiagoa izanen du omena». Zuzendariarentzat bezala taula gainean aritzen diren artistentzako loreak ez ditu ahazten jutsitarrak. Azkenik Errecarten lagunekin oroitzen da Lako eta «horiek denek zure ikusgarria behatzea lukete merezitu», esaten du joandakoen gogoa gure artera erakarri nahian.

Hurrengo emanaldiak

Lana: «Ze Bolada, Jean Errecarten so begiz».

Hazparne: Hazparneko mendealan, abenduaren 12an.

Baiona: Baionako Antzokian abenduaren 20an.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo