Imanol eta Xabier Azkue Ibarbia Zumaiako toponimiaren ikertzaileak
Izenak, ezizenak eta ezin izanak
Erabil ditzagun dagokien bezala izenak eta ezizenak, errespeta dezagun horien atzean dagoen izana eta istorioa
Gipuzkoako egunkari baten azalean, izenburu hau: «Espectaculares olas en Playa Gris». Telebistan ere, «Playa Gris» gora eta behera. Zein hondartzari buruz ari dira? Non dago? Mapan ibili gara bila. Arrastorik ez. Inon ez dago «Playa Gris»ik. Akaso Planeria edo Aizpurupe izen zikinak, zailak edo esanahirik gabeak dira? Ez dira «Playa Gris» bezain guay eta modernoak? Bere burua seriotzat daukan egunkari, irrati edo telebista-kate bat ausartuko litzateke Donostiako «Cuesta del Culo» edo «Irungo Calle de la Mierda» izenak titular batean jartzen? Iruditzen zaigu ezetz. Arduragatik edo zorroztasun informatiboagatik bada ere, uste dugu ezetz. Orduan, zergatik erabiltzen dituzte hedabideetan surflariek lagun artean asmatutako ezizenak eta ez toki horien berezko eta aspaldiko izenak?
Zumaiatik irten orduko hasten dira Getariako lurrak, eta itsasertza oso ospetsua egin da azkenaldian surferako olatu bikainak sortzen direlako. Leku horiek gertuago daude Zumaiatik, eta badauzkate berezko izenak, nahikoa ondo dokumentatuta, gainera: hor daude Orroaga (esan «Orrua»), Izustarri muturra eta Planeria (esan «Planeixa»). Surflariek, ordea, seguru asko borondate txarrik gabe, paraje horiei beste izen batzuk eman dizkiete: Izustarri muturra haientzat «Rokaputa» da; Planeria, berriz, surflarientzat «Playa Gris» da. Hango olatua lehen aldiz hartu zuenak, Ibon Amatriainek, aitortua du tokiaren izenik ez zekitelako hasi zirela «Playa Gris» deitzen, kare-harriak ura zikintzen duelako. Agian egunen batean Ibon Amatriainek berak olatu handiren bat hartuko du Kontxan, eta nahiago genuke izen politen bat jarriko balio (adibidez, «Playa Amarilla»). Jakin-minez gaude, Gipuzkoako egunkari salduenaren titularra ikusteko.
Urte batzuk daramatzagu Zumaiako eta inguruetako leku-izenak lantzen, Udalaren laguntza sendoarekin: gure toponimoak ezagutarazteko eta zuzen erabiltzeko, izen horien atzean istorio txiki eta politak daudelako, gure identitatearen osagai direlako. Inurri-lana da, pixkanaka eta egunero egindako lana, etengabe, baina alferrikako lana da gero hedabideetan batere aintzat hartzen ez bada. Uste dugu gertatzen denak balio behar digula hausnartzeko, gure toponimo edo leku-izenak nola erabiltzen ditugun, eta horien atzean zer izan dagoen.
Horretarako, ordea, beharrezkoa da bakoitzak bere ardurak hartzea. Batetik, udala da herritarrarengandik gertuen dagoen erakundea, tokian tokiko leku-izenak ongien ezagutzen dituena eta berea da horiek zaintzeko eta iraunarazteko ardura nagusia. Bestetik, leku bakoitza zehatz eta zuzen izendatzea garrantzitsua da, eta hor arduraz jokatzeko eskatu beharko genieke hedabideei, izugarrizko ardura daukate eta. Amaitzeko, arduraz jokatu beharko genuke herritar guztiok. Ulertzekoa ere bada giro jakin batean leku bati beste izen bat jartzea eta horrela erabiltzea, baina asmatu beharko genuke muga ezartzen eta errespetatzen. Erabil ditzagun dagokien bezala izenak eta ezizenak, errespeta dezagun horien atzean dagoen izana eta istorioa, baztertu ditzagun ezin izan diren izen horiek.