EHNEk Gipuzkoako Foru Aldundiari erantzukizunez jokatzeko eskatu dio
Amaia ZURUTUZA |
EHNE sindikatuko eta nekazaritza sektoreko hainbat elkarte eta kooperatibako 50 bat lagunek elkarretaratzea egin zuten atzo Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzaren parean, «Gipuzkoako Diputazioa baserritarrak jipoitzen» lelopean.
Traktore handi bat eta bi behi ere eraman zituzten baserritarrek Donostiara, Foru Aldundiak datorren urterako aurkeztu duen aurrekontu proposamena baserritarrentzat bereziki «larria» dela salatzeko.
Iñaki Lazarobaster Gipuzkoako EHNE sindikatuko lehendakariak EAJ, Hamaikabat eta PSE alderdiei erantzukizunez jokatu eta sektore honen aldarrikapen eta eskaerak aintzat hartzeko eskatu zien. Zehazki, gaur, Foru Aldundiko Batzar Orokorretan ordezkaritza duten alderdi politikoek aurrekontu proposamena oinarri hartuta aurkeztu dituzten zuzenketak bozkatuko dituzte.
Gipuzkoako Foru Aldundiak Landa Ingurunearen Garapenerako Departamentuaren bidez baserritarrei zuzenduriko bi programa %20 eta %25 murriztu nahi ditu 2010. urterako. Era berean, inbertsioetarako Laguntza Plana ezabatu nahi du.