GARA > Idatzia > Ekonomia

Eguneko esnea ematen duen makina jarri dute Altsasun bi baserritarrek

p034_f02_091x112.jpg

A. ZURUTUZA

Azken hilabeteetan Euskal Herriko beste hainbat herritan egin duten moduan, atzo baserriko eguneko esnea ematen duen makina estreinatu zuten Altsasun. Etxarri Aranatzeko bi anaia baserritarren eskutik iritsi da Altsasura 300 litro esneko gaitasuna duen makina. Azaldu zutenez, nahi dutena, eta euren aldarrikapen nagusia «baserritik bizitzea» da, «besterik ez». «Oso harrera ona» izan zuen makina berriak, esne guztia amaitzerainokoa. Gogotsu hartu zuten altsasuarrek esnea erosteko sistema berria eta ilara luzea osatu zuten etxera esne litroa hartuta bueltatzeko.

Atzoko ekimenarekin, Altsasu baserritarren esnea zuzenean herritarrei saltzeko sistema duen bigarren herri nafarra da. Izan ere, Elizondon ere bada horrelakorik.

Arabaesnea, Ordizia eta Zalla

Era berean, joan den abuztuaren 18an, Arabaesnea kooperatibaren baitan bilduriko baserritarrek gisa honetako lau makina jarri zituzten martxan Araban. Horietako bi Gasteizen, Abastos azoka ondoko plazan bata eta Boulevard merkataritza zentrotik gertu bestea.

Gipuzkoara salto eginda, irailaren 4an jarri zuten martxan esne makina Ordizian. Lazkaoko Iztueta Elkartea baserriak ezarri zuen makina hau Goierriko herrian. Inaugurazioan azaldu zutenez, 32.000 euroko inbertsioa egin zuten Italian egindako makina erosteko. Ordiziako tren geltokiaren ondoan dago jarrita makina. Azkenik, Bizkaian, Zalla herrian zuten joan den azaroaren 13an 300 litroko edukiera duen makina.

Kalitatea

Makina hauetan eskuratu daitekeen esnearen kalitatea goraipatu dute azken hilabeteetan kontsumitzaile nahiz ekoizleek. Bestalde, makina guztiek antzeko funtzionamendua dute. Plastikozko botila eraman behar du norberak, edo makinan bertan erosi, eta euro baten truke litro bat esne har dezake.

Esne ekoizleek hilabeteak daramatzate euren produktua ekoizpen kostuen azpitik saltzen ari direla salatzen. Hala, egitasmo berri hau positibotzat jo dute baserritarrek. Gainera, zuzeneko salmentarekin, ez dute banatzaileengana jo beharrik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo