GARA > Idatzia > Euskal Herria

Abian da «bakea bultzatzeko» eta ETAren biktimak babesteko plana

«Bakea bultzatzeko eta terrorismoaren biktimen oroimena indartzeko plana» izendatu duten egitasmo berria aurkeztu zuten atzo Gipuzkoako Foru Aldundian. Funtsean, Gasteizko Legebiltzarrak Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzarekin elkarlanean abian jarriko dituen egitasmoak biltzen ditu txostenak. Azaldu zutenez, xedea honakoa da: «Terrorismoaren biktimei maite ditugula adieraztea».

p016_f01_111x111.jpg

Janire ARRONDO

«Terrorismoaren biktimei» omen dieten «estimua eta maitasuna» agertzeko, Gipuzkoako Aldundian atzo onartu eta aurkeztu zuten «bakea bultzatzeko» eta «terrorismoaren biktimen oroimena indartzeko» plana. Gipuzkoako ahaldun nagusi Markel Olanok aurkeztu zuen egitasmo berria Aldundiko gainerako diputatuekin batera. Plan honen hiru ardatz nagusiak «biktimenganako arreta zuzena», «biktimen aldeko sentiberatasun soziala eragitea» eta «bakearen kultura» gizarteratzea izango dira.

Horretarako, Lakuako Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzarekin harreman zuzena izango dutela azaldu zuen ahaldun nagusiak. Bestalde, giza eskubideen urraketa «larria» sufritu dutenak ere, tortura kasu, babestuko dituztela iragarri zuten.

Egitasmoaren planteamendu orokorrak finkatzerakoan, «terrorismoaren biktima» kontzeptuaren azpian zein pertsona dauden erabakitzeko zailtasunak dituztela onartu zuen Olanok. Hala, 2008an onartu zen «terrorismoaren biktimei aitorpena eta erreparazioa egiteko» legean oinarriturik, ETAren jarduerak, bai eta ETAren aurka sortutako BVE, Triple A, GAE edo GAL taldeen jarduerak «kaltetutakoak» direla «biktima» ondorioztatu zuten. Era berean, ahalik eta biktima gehien biltzen saiatuko direla iragarri zuen ahaldun nagusiak, «albo batera utzita horiek terroristatzat jotzen diren taldeetako kideek edo beste batzuek egin dituzten».

Bestelako errealitateak

Bestalde, atzoko agerraldian Olanok «beste errealitate batzuetan» sakontzeko asmoa dutela ere iragarri zuen. Agerraldian bertan, ahaldun nagusiak, planaren gainean egin zuen azalpenean «beste errealitate» horren adibiderik aipatu ere egin ez bazuen ere, txostenean bildu dituzte batzuk. Esaterako, frankismoaren biktimen oroimena babestea edo giza eskubideen urraketa «larri» eta «ageriko» bat pairatu izan duten pertsonak babestea dira jaso dituzten kasuetako batzuk. Bide horretan, giza eskubide urraketa larri horien baitan, torturatuak izan diren pertsonak babestea aurreikusten dute; hala ere, ez zuten azaldu nola egingo duten.

Plan hau praktikara eramateko lehenbiziko pausoa atentatuen aurrean nola jokatu finkatuko lukeen protokolo bat osatzea izango da. Baita, «biktimen aldeko aitorpena» egiteko urtero Gipuzkoan ekitaldi bat egitea eta biktimen gaia oina-rri harturik ikerketa eta lanak finantzatzea ere. Gainera, gizarte zerbitzuetako langileak «biktimekiko aitorpenerako eta traturako» trebatzeko heziketa programak jarriko dituzte martxan.

«Ekarpenetara irekia»

Hala ere, egitasmo «irekia» dela nabarmendu zuen Olanok eta gainerako alderdiek egiten dituzten proposamenak aditzeko prest daudela azaldu zuen.

Horrela, Gipuzkoako Batzar Nagusietako PSEren ordezkari Julio Astudillok plan hau «ontzat» jo arren, «biktimen errekonozimendua, terrorismoaren erabateko deslegitimazioarekin lotuta» joan behar dela esan zuen. Era berean, «terrorismoaren biktimen» elkarteak kontuan hartu beharrekoak direla esan zuen Astudillok, «ez soilik plana martxan jartzerakoan, egitean ere bai».

ardatz nagusiak

Biktimekin harreman zuzena izatea, eurekiko gizartearen sentsibilizazioa bultzatzea eta «bakearen kultura» gizarteratzea izango dira plan honen hiru lan ardatz nagusiak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo