GARA > Idatzia > Mundua

2010eko apirilerako bake ituna lortzeko konpromisoa adierazi dute Filipinetan

2010eko apirilean bake hitzarmen bat gauzatzeko konpromisoa azaldu zuten atzo Gobernu filipinarrak eta Askapen Islamiarrerako Fronte Mairuak, lau hamarkada iraun duen gatazkari amaiera emateko asmoz.

GARA | KUALA LUMPUR

Azken 40 urteotan Filipinetako Gobernua eta Askapen Islamiarrerako Fronte Mairua (MILF laburdura, ingelesez) aurrez aurre jarri dituen gatazka separatistari amaiera emango liokeen bake ituna 2010eko apirilaren inguruan lortzeko konpromisoa agertu zuten atzo.

Era berean, Kuala Lumpurren bi egunez eginiko batzarrean, nazioarteko behatzaileei Filipinetatik banatu nahi duten eremuetako batzuetara (Mindanao uhartera, artxipelagoaren hegoaldean) itzultzeko baimena ematea adostu zuten bi aldeek.

«Datorren urteko lehen hiruhilekoaren amaierarako, martxorako edo apirilaren hasierarako espero dugu akordioa sinatzea», azaldu zuen prentsa aurrean bitartekaritza egin duen taldearen buru izan den Othman Razak malaysiarrak.

Kuala Lumpurreko negoziazioak 16 hilabeteko etenaldiaren ondoren egin ziren, eta bitartekari lanetan aritu dira Malaysiako, Japoniako, Britainia Handiko eta Turkiako diplomatikoak.

Elkarrizketa prozesuari testuinguru delikatu baten baitan heldu diote, tentsioa nabarmen ari zelako gora egiten Filipinetako artxipelagoaren hegoaldean. Bertan, Manilaren administraziopean dagoen Magindanaoko probintzian gerra legea ezarri zuen gobernu filipinarrak, Anpatuan klan musulman matxinatua jazartzeko asmoarekin. Duela bi aste beste dinastia bateko liskarren ondorioz 57 lagun hil izana leporatzen diote talde honi.

MILFk sarraskiaren errudunak atxilotzen laguntzeko prest dagoela adierazi zion Manilako Exekutiboari.

Negoziazioen etena

Musulmanen eta Gobernuaren arteko elkarrizketak 2008. urtean eten ziren, mairuei beren arbasoengatik zegozkien lurren gainean izenpetutako elkar aditzeko memoranduma indargabetu zuenean Filipinetako Auzitegi Gorenak. Memorandum horrek baketzeko bidea errazten zuen, baina ez zuen zenbait politiko kristauren onespena jaso, ez zeudelako musulmanei subiranotasun maila handiagoa emateko prest.

Erabaki horren ondorioz, Fronte Mairuari lotutako taldeek hainbat eraso egin zituzten Mindanao uharteko herri kristauetan, 300 hildako eta ia milioi erdi errefuxiatu eraginez.

Mindanaoko uhartean bizi diren bost milioi musulmanek bizikidetza latza izan dute bederatzi milioiz osatutako gehiengo kristauarekin. Izan ere, kolonizatzaile espainiarrak uhartera iritsi orduko, bertan bizi ziren musulmanak.

MILF taldea 1984. urtean eratu zen eta Filipinetako Estatuan dagoen talde independentistarik handiena da. Egun, 12.000 militante baino gehiago ditu eta herrialdearen hegoaldean (garai batean Malaysiako sultangoaren menpe egon zena) Estatu islamiar independente bat eratzeko borrokatzen dira.

Azken lau hamarkadetan egondako gatazka etniko, tribal eta erlijiosoak 120.000 hildako eta bi milioi errefuxiatu inguru eragin ditu, artxipelagoaren eremurik behartsuenetakoan.

Bake hitzarmena lortzeko aukeren aurrean bi aldeak baikor agertu diren arren, kontuan hartu behar da tartean maiatzeko hauteskundeetarako kanpaina izango dela.

ANPATUAN KLANA

Giza Eskubideen Nazio Batzordeak salatu zuenez, Anpatuan Klanak -duela bi aste 57 lagun hil zituen taldeak- 200 lagun baino gehiago hil ditu Magindanaon, eskualde horretan agintean eman dituen bederatzi urteetan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo