GARA > Idatzia > Kultura

Euskal kantua, maskaradak eta baserritarrak, Eusko Ikaskuntza sarietan

GARA | BAIONA

Eusko Ikaskuntzak eta Baionako Herriko Etxeak urtero eskaintzen dituzten Euskal Kultura sariak eta bideo dokumentalen lehiaketako sariak banatu zituen atzo. Ohorezko saria Manex Pagolarentzat izan zen. Euskal Kultur saria Eric Dicaharry ikerlariak eskuratu zuen eta azkenik bideo dokumentalaren saria Christophe Coutanceauk irabazi du «Le BIO on en fait tout un fromage» lanagatik.

Manex Pagola kantariari eman nahi izan dio saria Eusko Ikaskuntzak bere presidente Jean-Michel Larrasquetek argiki adierazi zuen legez: «Herrikoiak bihurtu diren kantuak osatzeagatik. «Urtxintxa», «Jo txistua», «Txakulin»... kantuak ostatuetan eta bestetan herri kantuak izan direnak».

Pagolak, bestalde, bidean lagundu duen gizarteari eskaini nahi izan zion Ohorezko Saria irabazteagatik jaso zuen Makila. «Ene eskerrak bizi naizen oihanpe honetan gerizatu nauten etxekoak, auzokoak eta herritar frango. Eta geroxeago euskal mundua altxatu nahian oihanpe horretan gurutzatu ditudan hosto ederreko haritz handi emankorrak». Hosto emankorrak zabaldu zituztenen artean Jean Haritchalhar, Piarres Xarriton, Txomin Peillen eta Chritian Meriot antropologoa izan zituen gogoan.

Ipar Euskal Herriko idazle eta kantari garaikide eta zaharrak ere ez zituen ahaztu abeslariak. Bukatzeko azken bertsoa eskaini zuen: «Ederra da bizia!/ ta hala ez bada, / hala egin dezagula!/ Hau da ere ene parabola».

Maskaradak

«Erritotik irrira: maskarada zuberotarren diskurtsoa» tesia idatzi duen Eric Dicharryk irabazi du Euskal Kultura saria. 1995. eta 2000. urteen artean landa-lan handi baten emaitza izan da lana eta Europako Antropologia Sozial eta Historiko sailean jaso duen arrakastak erakusten du emandako maila.

«Euskararik gabe, kultura folklore peto-petoa bihurtu daiteke, baina baikorra naizenez, esango nuke ez dela desagertuko nire amatxiren ama hizkuntza, euskaraz, hemen guk euskaldunok, hitz egingo duguno», esan zuen Dicharryk eskerrak emateko egindako hitzaldian.

Chritophe Coutanceauk euskal baserritar bilakatu den gizon baten ibilbidea kontatzen du dokumentalen saria irabazi duen ikus-entzunekoan. «Naturarekin bat eginez bizi diren nekazariak badira oraindik» nabarmendu zuen irabazleak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo