GARA > Idatzia > Iritzia> Azken puntua

Lander Garro idazlea

Larrutan (ez) egin

 

Bertsolaritza gizarte fenomeno bilakatuz geroztik, guztiok gara bertso-aditu. Zurrunbilotik at geratutako outsiderrak altxa beza besoa. Neroni ere bertsolaritzaz zerbait gehiago ulertu uste dutenetakoa nauzue, honez gero. Azken finalaurrekoan aldamenekoekin matematikak egiten aritu nintzen, espekulazioen saltsan dzanga eginda, bertsoen gaiak kritikatuz, honen edo besteren bertso-joskera aipatuz, haren errima «erabiliegia» deitoratuz. Edonor espantatzeko moduan, hitz batean esanda. Koplen txandaraino Uxue Alberdi finalerako lehian ikusten genuen, eta bagenuen non poztu, historian finalera iritsitako bigarren emakumea izango baitzen. Baina kopletan bertsoaz aparte ibili zen, bertsokidearen argudioei iskin eginez. «Amaitu duk ametsa», esan zuen gutako batek.
 
Ez dut Uxuek eguneko puntuazioa kopletan galdu ote zuen jakiteko lanik hartu, baina arrazonamenduari ertz guztiak harrapatu nahian ibili naiz, eta egun hartan oholtzan (eta ikusleen artean) gertatua burutik kendu ezinik nabil. Izan ere, neska batek gizonezko bati larrutan egin nahi ez duela hitzez hitz azaldu beharra ez zait niri premiazkoa iruditzen. Badira hitzez hitz, ñabarduraz lepo esan behar diren gauzak, eta badira beste batzuk keinu huts batekin ulertzen direnak, ulertu nahi badira behintzat. Horien artean dago sexuari ezetz esateko eskubidea. Esango didate: bertsolaritzaren araudiak hala agintzen du, ordea. Eta nire duda, barkatu atrebentzia, honakoa da: bertsolaritzaren arauen artean ez al litzateke salbuespenik egin behar?
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo