Epaiketatik 48 ordutara
«Herri honek auzi politikoetako bat irabazteko garaia da»
Martxelo Otamendi
«Egunkaria»ko zuzendari ohia eta «Berria»ko zuzendaria
Asteartean Madrilen abiatuko den epaiketan auzipeturik dauden bost lagunek 2003an ‘‘Egunkaria’’ itxi zutenean jasandako atxiloketa, inkomunikazio eta torturen berri emango dutela eta errugabeak direla defendatuko dutela nabarmendu du Martxelo Otamendik. Baina argi du aurretik errugabe ziren beste batzuk zigortuak izan direla Entzutegi Nazionalean.
Manex ALTUNA | BILBO
Zer-nolako sentsazioak dituzue asteartean hasiko den epaiketaren inguruan?
Oso kezkatuta gaude. Izan ere, jende asko sartu da gure aurretik Auzitegi Nazionalean bultzada politikoa duten auzietan -Jarrai-Haika-Segi, 18/98 sumarioa, Amnistiaren Aldeko Batzordeak...- eta guztiak gu bezala epaigelara errugabe direla esanez sartu ziren; nire ustez, denak atera ziren handik errugabe baina kondenatuta. Gu ere bide beretik goaz, errugabeak garela esaten ari gara, jendeak sinetsi egiten digu, baina kondenatuta bukatzeko arriskua handia da eta badakigu horrek urte askoko kartzela zigorra esan nahi duela. Aurrekariak ez dira onak guretzat, baina uste dugu garaia dela herri honek bultzada politikoa duten auzietako bat irabazteko. Gurea izan liteke irabazten aurrena, eta denok ahalegindu behar dugu gure atzetik datozenek ere irabaz dezaten eta gure auziak auzi politikoen emaitzetan norabide aldaketa markatu dezan.
Behingoz justizia egin dezaketela uste duzue?
Egin zuten bidegabekeria konpontzen saia daitezke, baina justizia absoluzioa baino gehiago da. Hor daude erreparazioa, gaizki egin zutela aitortzea, batez ere gaizki egiten ari zirela bazekitenek. Hau ez da akats bat, bazekiten gu ez garela ETAkoak eta frogak eraiki, sortu eta asmatu egin dituzte. Zuzenbide prozesalean egin ezin daitekeen gauza bat egin dute, susmoen batura froga bihurtu baitute.
Zuon kasuan fiskaltzak berak onartu du frogarik ez dagoela. Zergatik uste duzu azkenean epaiketa abiatzeko erabakia hartu dutela?
Gure auzian, beste askotan bezala, Guardia Zibilak indar handia dauka eta ezin da ahaztu gure aurkako operatiboa beren ekimen batetik jaio zela. Guardia Zibilaren ikerketa zerbitzuek Auzitegi Nazionala eta, kasu honetan Del Olmo epailea, konbentzitu zuten gure kontra jarduteko, ikerketak abiatzeko, periodikoa itxi, atxilotu, torturatu eta ETAko kide edo laguntzaile garela leporatzeko. Nahiz eta udaran epaiketa ez zela egingo ematen zuen, gure auziaren atzean Guardia Zibilaren presioa dago, eta AVT eta Dignidad y Justicia bere beso judizialak besterik ez dira.
Estatu espainolak komunikabide baten itxiera ere argudiatu beharra izango du nazioartean.
Gure epaiketaren bukaeran absoluzio-epai bat baldin badago, Estatu espainolak nazioartean onartu beharko du Euskal Herrian egunkariak itxi egiten direla, kasu honetan euskarazko bakarra, 130 langile kalera bota, gaueko operazio polizial batean arduradunak atxilotu, inkomunikatu, erdiak torturatu eta zazpi urte beranduago ez dela ezer gertatzen. Estatuak hori onartzea ez da erraza. Kondena bat ematen bada, euskarazko egunkari bat sortu zutenak sartuko dituzte kartzelara, horrek suposatzen duen eskandalu guztiarekin, komunikabide batetako kudeatzaileak baikara. Auzitegi Nazionalaren prestigioa ere jokoan dago, baita PPren orduko Gobernuarena eta Guardia Zibilaren indarra.
Denborak ematen duen perspektibarekin begiratuta, zergatik uste duzu erabaki zutela ``Euskaldunon Egunkaria''ren kontra egitea?
Ezin dugu ahaztu garai horietan Gasteiz eta Madrilgo Gobernuen arteko harremanak gero eta okerragoak zirela; Espainiako foro, tertulia eta zutabegile asko autonomia kendu eta Madrilera bueltatu behar zela esaten ari ziren, Ertzaintzari armak kendu behar zitzaizkiola eta goi karguak armadak izendatu behar zituela esaten zen. Asko hitz egiten zen Euskal Herriko erakunde finantzario batzuez, kooperatibez... Euskal Herriaren kontrako eltzea bor-bor zegoen. Aldi berean, alderdi abertzaleen artean autodeterminazio eskubidea diskurtso politikoan oso errotuta zegoen. Lehenagotik zetorren arren, indartzen ari zen, hor zeuden Ibarretxe Plana, independentzia lortzeko prozesua... Espainian, berriz, PPk eta Guardia Zibilak susto bat eman nahi zioten euskal gizarteari, edozer egiteko prest zeudela erakutsiz, eta inork espero ez zuena egin zuten: euskarazko komunikabide bakarra itxi.
Babes handia jaso al duzue gizarte eta eragileen aldetik?
Jendearen erantzuna ulertzeko, nik uste kontuan hartu behar dela inork ez zuela espero horrelakorik gerta zitekeenik eta askok pentsatu zutela ``Egunkaria'' ixten badute bere eskola, entitate finantzario, kooperatiba, Ertzaintza edo Legebiltzarra ere itxi zitzaketela. Donostiako manifestazioan horrenbeste jende egon bazen horregatik izan zen, jendeak pentsatu zuelako`` Egunkaria''ren kontra jotzen badute inor ez dago salbu eta edozeinen kontra jo dezakete. Komunikabide bat garen heinean gure kasua enblematikoa da eta egia da beste auzi politikoetan hurbildu ez den jendeak elkartasuna adierazi digula. Gu batzeko gaude eta jendeari zubi asko jarri dizkiogu.