GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Maite Ubiria Kazetaria

Zer da frantses izatea... Baionan ?

Suitzako erreferendumak gogoeta egitera bultzatu du Eliseoko erregea. Nortasun nazionalari buruzko eztabaida iparra galtzeko zorian zegoenean, baloia berriz jokoan.

UMPko hainbat buruzagik eskualde hauteskundeei begira ika-mika oztopo bilaka daitekeela ohartarazi dute. Eskuineko eledunek soilik jarraitu dute orain arte Besson ministroak Internet bidez abiatu kalakaldia. Baina Sarkozyk jauzia eman du. Lokatzetan sartzeko, bistan da. Ezer gutxi ekarri ez duen ekimena amildegira begira ezarri du.

Nortasun nazionalari buruzko gogoeta sakona, agian autokritikaren distira bakan bat aurreikusten zuenak kale egin du. Etorkinei buruzko zaharberritutako auzi mediatiko-politiko baten aitzinean gaude berriz.

Hortaz, jabetzeko behar ez genituen azalpenak ematera etorri zaigu frantziar presidentea. Luma astinduz, nehork gutxik eskatu ez duen eztabaidaren xedea zein den agerian utzi du.

Edo uste baino zabalagoa da asmoa? Musulmanei igorri die bere mezua Sarkozyk. Alta, bere oharrak publiko zabalagoa baduen susmoa dut. Frantziar pasaporteak eskaintzen dituen abantailak profitatzeko... eredu ofizialetik landa diren nortasun eta bihotz adierazpenak etxean atxiki edo kalean «diskretuki» azaltzea gomendatu du Sarkozyk.

Berak erakutsitako bidea zeharkatzeko prest agertu dira ehun bat hautetsi. Ezkontza zibiletan frantziar bandera soilik agertzeko eskaera luzatu dute.

Nehor ez dadila tronpatu, azaleko eztabaida honekin benetako gogoeta gibelatu nahi du Sarkozyk. Eskubideak murrizteko hautuari txapela demokratikoa bide batez ezarriz. Kasualitatea ez da bandera, ereserkia, frantses hizkuntza, ustezko laikotasun katolikozalearen nagusitasuna... sendotzeko aldarriak hausnarketaren bizkar-hezurra bilakatzea. Ikurren gerizpean urte luzez erein dituzten azpi-baloreak hedatu nahi dituzte, bere eguneroko jardueran bereizkeria ardatz duen eredu bakarra muturreraino eraman.

Pentsamendu argia piztu baino espiritu kritikoa itzali nahi dute. Ikasleak, laborariak edo euskaltzaleak izan... karriketan bere berezitasuna agertzen duten guziak susmagarriak dira.

Parisek euskara babesteko legerik ez dela izanen eta AHT berria nahitaez eginen duela iragarri eta gero... frantses izatea zer den galdetuko du prefetak Baionan antolatu mintzaldian. Mespretxuaren gainean trufa?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo