Julen MURGOITIO
Basque Euskaldun Country
Ez da zaila ulertzea. Askoz zailagoa da ulertaraztea. Kopenhageko goi bilera horren muinaz nago; edo azalaz, batek daki; azken batez, halakoetan arazoen erakusleiho bihurtzen dira goi bilerok, eta ez guztiena, arazook eskatu konponbideena baino. Izan ere, ahotik ahora, autotik autora, protokolotik protokolora dabilen klima-aldaketa hori gelditzeko mundua bera da aldatu beharrekoa, iparretik aldatzen hasi eta hortik abiatuta iparrorratzak dituen beste adar guztietatik segituta. Eta hori guztia arin batean, atoan! Atoan, ez autoan! Tira, egia esan funtsezko arazoa ez dira autoak, edukiera handiko autobideak baino! Are gehiago, mundua benetan aldatzen hasiko bagina ez litzateke gehiago iparrorratza hegoaldean izango; bai, ostera, hegorratza iparraldean, halabeharrez, nork-nori-zor gogoan. Goi bilera horretara bilduak mundua aldatzen hasiko balira, Kopenhagen gurpilak izango lituzkete hizpide egunotan. Ez, autoenak ez, gurpil-aulkienak! Saharako emakume horrek bere sorterritik kanpoko aireportu batean bazterrik bazter mugitzeko beharrezko dituen aulki-gurpilak. Bada, seguruenik, negu-gasik sortzen ez duen mugiera hori mugikortasun iraunkorraren adibide jarriko duenik, hain da iraingarria batzuen iraunkorra! Nor bere orratzaren jabe izan barik ez dago klima-aldaketaren mataza askatzerik. Beroketa globala besterik ez dakar mundua bere honetan uzteak, han-hemen gatazkaren sua elikatzen baitu. Eta bertsolariarena gogoan, sutan jartzean probatzen da nolakoa den norberaren eltzea. Beraz, utzi diezaiotela hariari eta eutsi diezaiotela behingoz brodatzeari! Bestelako munduak behar duen bestelako hozkia brodatzeari eutsi ere, berokia askatuta. Eta bertsolaria gogora etorrita, hauxe nahaspila buruan dudana azken egunotan han-hemenka izan diren lehenengo harri-jartze horiekin! Eta bake-nobel sarien loteriak sarituekin! Ez dakit BEC zer den: Brodatzeari Eutsi Copenhagen, Basque Espalazio Culinarygune, Bakea Ezartzeko Cultura (C-z edo K-z, badakizu), Bertso Espalazio Center... Jakin badakit, ostera, entzulez mukuru dagoela une honetan. Ai ama! Hainbaten lepoan jarriko nuke nik lehenengo harria! Errotarria jarri ere! Euskaldun jendearen orratza dago orain BECen gauzatzen, arazoak eta konponbideak agerian uzten. Basque Euskaldun Country.