Edorta Jimenez Idazlea
Durango: burukritika eta etika
Durangoko Azokaren antolatzaileek etika- kodea landu beharko lukete, Azoka egiten dugun guztiokin elkarlanean. Esan nahi baita, txikien ahotsa ere adituz, ulertuz eta gogoan hartuz
Abenduaren seia, igandea. Kafea hartzen nago, horko lagun min horrek egin berri didan kritika hausnartu guran. Egun bi lehenago, ostirala, egunkari honexetan «Titularren bezperak» titulatu nuen artikuluaren kariaz etorri da kritika. Euskara hutsez diharduten argitaletxeak aipatu nituela, ez ostera diskoetxeak. Idazleok ezin gure zilborra baino harago ezer ikusi. Bada, nire buru-kritikatzat -autokritikatzat?- mea culpa hau idaztea otu zitzaidan. Barka egidazue musikariok.
Segitu nuen ba kafea hartzen eta, halako batean, normalean eskuetan hartzen ez dudan egunkari gipuzkoar hori hartu nuen. Baskoon egunerokoa, egiaren zentinela, zibilizazio kristau-demokrataren itsasargia eta abar eta abar omen den horixe. Eta hara mozkorturik sentiarazi zidan iragarkia: Azokako salduenak! Igandea baino ez eta, horra beste inork ez dakiena, iragarkia jarri dutenek izan ezik. Igarle apartak, ezin baita esan horiek egiazko ez den ezer argitaratzen dutenik. Igarle apartak, baita ere, iragarkia ordaindu dutenak. Zera, izena euskaraz duen denda-katea horixe, bai. Euskal Herria munduan ezagun egin duen kooperatiben unibertsokoa. Azokako salduenak, hantxe. Egunkari horrexetan. Kateak ordainduta, noski.
Igarlea denda-katea, eta igarritakoaren berri ordaindua ematen egunkaria, magiaz beteriko gure mundu kristau tradizioko honetan normala dena itxuraz, ez nintzen haserre normalaz baino harago haserretuko, inondik ere, iragarkiak Azokaren antolatzaileen logoa ekarri izan ez balu. Bazekarren, ostera. Eta hori, lagunok, ez da zilegi. Ala bai? Etikoa behintzat ez da. Eta Azokak etika behar du, Azoka sortzaile, argitaldari eta ekoiztetxeena ere badelako, bisitan datozen guztiena baden eran. Bada, iragarki horiek urtero argitaratzen bide dira, iazkoan ere berdin-berdina irakurri bainuen. Datorren urtean ez egitea eskatzen dut. Iragarkiok, ezinbestez gezurra izateaz gain, indartu egiten baitute izen batzuen izena, beste izen batzuen kaltetan. Ez da etikoa.
Etikaren horrekin buruko errotari eragiten, hara non, Azokaren ostean, eta neuk iragarri moduan, krisiaz eta horrelakoez hitz egiten den eta, horrekin batera, zein argitaletxek edo musiketxek zer saldu duen gehien ere badakarte egunkariek. Haatik, horietako batek horiek baino datu zehatzago dakar, alegia, guzti-guztira zeintzuk izan diren libururik salduenak. Ondo sailkaturik, gainera. Galdera da ea nondik atera dituzten datuok, zein zenbaketa eta alderaketa egin duten. Azokako saltzaileek saldutako aleen kopururik eman ez dutenez, sailkapen hori asmatua dela ondorioztatu behar da. Ez dute, ostera, ezerezetik asmatu, ez. Azokan salduenak izango zirela norbaitek iragarrita zeuzkan liburuak zeuden sailkapenean. Lehen ondo saldu izan dutenek, sailkapen horri esker hobeto salduko dute. Eta ez da etikoa.
Etika denean behar omen da. Ez dakit. Durangoko Azokaren antolatzaileek etika-kodea landu beharko lukete, Azoka egiten dugun guztiokin elkarlanean. Esan nahi baita, txikien ahotsa ere adituz, ulertuz eta gogoan hartuz. Eta gehiago ere esango nuke. Batez ere txikien ahotsa dela ahalik eta argien aditu eta gogoan hartu behar dena. Txikiak direlako Azokaren bioaniztasuna. Etikari buruzko arautegia, ba. Bien bitartean denda-kate horretakoetara ahalik eta gutxienetan sartzea eta egunkari horietako berriei federik ez ematea erabaki dut. Ez baitira etikaren eredua.