Parlamentari kurduek Turkiako Legebiltzarra uztea erabaki dute
Kurdistango DTP Gizarte Demokratikoaren Alderdiko 21 diputatuek atzo utzi zuten Turkiako Legebiltzarra, Turkiako Auzitegi Konstituzionalak bezperan formazioa legez kanpo uztea erabaki ondoren. Haserrea manifestazioen bitartez adierazi zuten kurduek.GARA |
«Gure taldeak Turkiako Legebiltzarra utzi egin du gaur. Une honetatik aurrera ez dugu Parlamentuko lanetan esku hartuko», jakinarazi zien kazetariei Ahmet Turk DTP alderdiko presidenteak. Turkiako Auzitegi Konstituzionalak ostiralean hartu zuen DTP formazioa legez kanpo uzteko erabakia, PKK Kurdistango Langileen Alderdiarekin omen dituen harremanak aitzakia moduan erabilita.
Aldi berean, Kurdistanen bertan, Konstituzionalaren erabakiaren aurkako manifestazioak egin ziren atzo goizean. Gaur egun Turkiaren menpe dagoen Kurdistango iparraldean 12 milioi kurdu inguru bizi dira. Hakkari hirian, esaterako, manifestariek harriak erabili zituzten Poliziari aurre egiteko. Gas negar-eragilea eta ur kanoiak zituzten poliziakideek, Anatolia berri agentziak emandako informazioaren arabera.
Anatoliaren arabera, manifestariek bi agente inguratzea lortu zuten, baina aske utzi zituzten bertako politikarien eskariei jaramon eginez.
Hakkaritik gertu dagoen Yuksekova hirian eta Vanen ere egin zen manifestaziorik. Azken horretan poliziakide bat zauritu zuten. Anatoliak ez du zauritutako manifestariei buruzko inolako berririk eskaini.
Konstituzionalak erabakitakoaren aurkako mobilizazioak ostiralean bertan hasi ziren, Diyarbakir Kurdistango hiriburuan eta Istanbulen.
Espainol Estatuak Euskal Herriko indar independentisten aurka erabili izan dituen argudio berberak erabili ditu orain Turkiak. Hori bai, Europar Batasunak bere «kezka» adierazi du kurduen kasuan, euskaldunekin inoiz egin ez duena. Bruselak eskatu dio Ankarari alderdi politikoei buruzko legedia europar arauetara egokitzeko.
Kurdistango herriaren eta Euskal Herriaren arteko harremanak estutzeko sortutako Bihar Elkartea DTP alderdia legez kanpo ipintzearen aurka dago. Bere ustez, erabakia bake prozesua hankaz gora botatzeko ahalegina izan da