Breuer Urtea bukatzeko herritarrei hitza eman die Baionako Le Carre museoak
A.B. | BAIONA
Breuer Urtea izendatu zuen Baionako herriko etxeak aurtengoa. Urtean zehar, kari horretara, ZUP auzoa eraiki zuen Marcel Breur arkitektoaren ohorez egin diren ekintzak eta ekitaldiak ugari izan dira.
Breuer Urtea bukatzear dela, Hauts de Sainte-Croix auzoko zazpi eraikin erraldoi horietan bizi diren herritarrei «artearen bidez» hitza eman nahi izan diete.
«Nortasuna, auzo baten memoria» gaiaren inguruan, herritarrei obrak egitea proposatu zieten antolatzaileek. «Obrek, definizio ofizialetatik at, beraien auzoaren ikuspegia eman behar zuten. Beraien eguneroko biziaz aberasturiko lanak izan behar ziren», nabarmendu zuten sustatzaileek.
Zuri eta laukia
Obra egiteko orduan kartoizko kutxa batzuk baliatzea inposatu zieten antolatzaileek parte hartzaileei. Zortzi hilabete igaro dira, eta esperientzia horren emaitza erakusgai jarri dute Baionako Le Carre erakusgunean. «Entrez, What's ZUP?» izenburua eman diote erakusketari.
Erakustokia zuri eta laukia denez, parte hartu duten ZUP auzoko hamabi artistek eremua zuri koloreko kartoizko lauki luzeak metatuz okupatzea erabaki dute.
Erraldoitasuna
Meta borobilduak eta zuzenak agertzen zaizkio ikusleari erakusgunean zangoak sartu bezain laster. ZUP auzora hurbiltzen direnek egiten duten gisa, handitasuna, erraldoitasuna eta inposaketa kontzeptuak nabarmendu dituzte erakusketan parte hartu duten artistek.
Baina, handitasun horretan, hamabi artista gazteek eraikinez eraikin leiho zein atetan zabaltzen den bizitasuna nabarmendu nahi izan dute argazkiak, bideoak eta beste hainbat bitarteko erabilita.
«Entrez, What's ZUP?» erakusketa abenduaren 31 arte izanen da zabalik. Antolatzaileek bisita gidatuak egiteko aukera eskaintzen diete astero interesatuei.