GARA > Idatzia > Euskal Herria

Euskal Herri feminista sortzeko nahiak ehunka emakume bildu ditu Tolosan

Euskal Herrian emakumeak bizi duen egoera hainbat ikuspegitatik aztertzeaz gain, aldaketa politiko eta soziala posible egiteko «identitate feminista» nolakotzen saiatu ziren atzo Tolosako topaketa feministetan.

p020_f01_111x111.jpg

GARA | TOLOSA

Euskal Herriko hainbat txokotatik hurbildu ziren emakumeek gogoetarako eguna izan zuten atzokoa Bilgune Feministak Tolosan antolatu zituen Emakume Abertzaleon IV. Topaketa Feministetan. «Identitate feministak sortuz, Euskal Herria aldatu» lelopean antolatu ziren hausnarketa saioetan erronka zein eztabaida berriak jarri zituzten mahai gainean.

Goizeko lehenbiziko mahai inguruan Alicia Reigada, Rosa Andrieu eta Josebe Iturriozen eskutik nortasun feministaren nondik norakoak aztertu zituzten. Goiz erdian, berriz, aldi bereko hiru hitzaldi izan zituzten; horietan, mugimendu feministaren diskurtso eta ekintzez, Euskal Herria aldatzeko beharrezko diren subjektu politikoez eta sexu identitateez aritu ziren. Arratsalde partean, berriz, politikari eta mundu horretan emakumeak duen paperari buruzko hausnarketak izan ziren nagusi.

Hala, Euskal Herria aldatzeko nolako nortasun feminista beharrezkoa den definitzen saiatu ziren. Horretarako, norbanakoaren izaera eta, batez ere, norbanakoaren izaera osatzen duten izaera kolektiboak aztertu zituzten. Ezinbestekotzat jo zuten emakumeak subjektu politiko bihurtzea. Era berean, Euskal Herriko aldaketa politiko eta soziala ahalbidetzeko mugimendu feministak «indartsua» izan behar duela ondorioztatu zuten.

Hala ere, aldaketa horrek «aniztasunean» izan behar du oinarria feministen arabera, «emakume guztiok ez baititugu errealitate berdinak bizi». Bestalde, sistema patriarkalak itsura zehatz bat duela nabarmendu zuten: zapalkuntza. «Horren aurrean sortzen dugun identitateak nazioa, klasea eta sexualitatea artikulatu behar ditu».

Orokorrean, «emakume kategoria» birdefinitu behar dela nabarmendu zuten, baita, inor alde batera utzi gabe, errealitate berriak sortu beharra dagoela ere.

«Errespetua eta berdintasuna»

Bilgune Feministaren gidaritzapean antolatutako topaketa hauen gainean, Eusko Alkartasunak honelako ekimenak «oinarrizkoak» direla esan zuen. Ohar bidez, gisa honetako ekintzen alde agertu zen.

EAren ustez, «gizartea errespetu, berdintasun eta askatasun printzipioetan oinarrituta aldatu behar da». Horretarako, pentsaera aldaketa beharrezkoa da EArentzat; lehendabizi, emakumeen artean.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo