GARA > Idatzia > Euskal Herria

EH Bai koalizioaren alde egin arren, EHA ez desegitea erabaki dute Kanbon

Datorren urteko martxoan Estatu frantsesean egingo diren hauteskunde erregionaletan Euskal Herria Bai abertzaleen koalizioaren baitan aurkezteko erabakia hartu zuen atzo EHA plataformak. Hala ere, parte hartze «aktiboa» defendatzen dute, «benetakoa».

p017_f019412.jpg

J.A. |

Atzo goizean, Euskal Herriaren Alde (EHA) plataformako kideek biltzar nagusia egin zuten Kanboko Larrazkena aretoan. Martxoko hauteskundeei begira zein jarrera hartuko duten erabakitzeko eta Batera erakundeak egitekoak dituen kontsulten gainean jarduteko biltzarra izan zen atzokoa. Bi gai horiez gain, EHA plataforma ezkertiar eta abertzalearen geroaz ere aritu ziren.

EH Bai koalizioaren alde

Martxoko hauteskunde erregionalen aurrean EHA plataformako kideek Euskal Herria Bai sostengatzea erabaki zuten atzo. Koalizio horrek bere sorreran Abertzaleen Batasuna, Eusko Alkartasuna eta Batasuna biltzen zituen.

Batasunak bere azken biltzarrean datozen hauteskundeetarako EH Bai formularen aldeko apustua egitea lehenetsi zuen. EHAko kide Jokin Etxeberriak GARAri azaldu zionez, ordea, ABk eztabaida handiak ditu bere baitan, hainbat militante Berdeak talde ekologistarekin bat egitearen aldeko baitira. Etxeberriaren esanetan, bestalde, eurek hauteskundeetan «aktiboki» parte hartu nahi dute, eta ABk egin zuen eskaeretako bat, kanpaina egin bai, baina ondoren boz «sinbolikoa» ematea da.

Eusko Alkartasunari dagokionez, berriz, Berdeak taldearekin bat egiteko nahia agertu du EHAko kidearen azalpenen arabera. Hala ere, Euskal Herri mailako biltzar batean erabakiko du EAk EH Bai koalizioan parte hartuko duen edo ez.

Baterak euskal departamenduaren inguruan egiteko dituen kontsulten gainean, bestalde, hainbat baldintzekin baina aldeko jarrera agertzea erabaki zuten EHAko kideek. Baldintzetako bat kontsultan formulatuko den galdera aldatzea da; izan ere, eurentzat departamenduaren eredua zaharkituta dago Sarkozyk bideratu duen Balladur erreformaren ondoren. Erreforma horrekin lurralde antolaketa sistema aldatu egingo da egun instituzio gehiegi daudela-eta. Krisiaren aitzakian, egoera hori murrizte aldera joko du Estatu frantsesak.

Orain definitzen ari dira antolamendu berri hori, eta, ziurrenik, departamenduak eta erregioak batu egingo dira. Era berean, botere gehiago emango zaie mankomunitateei. Horregatik, Baterak baieztatu duenez, departamenduaren konpetentziak ia desagertu egingo dira eta erregioenak, aldiz, areagotu. EHAk, horregatik, euskal autonomiaren aldeko apustua egiten du.

Hirugarrenik, EHAren geroari dagokionez, Etxeberriak EH Bai koalizioaren ahultzetik sortutako ekimena dela gogorarazi zuen. Orain, hauteskundeei begira EH Bai koalizioaren aldeko jarrera hartzen badute ere, haratago EHA mugimendu politiko bat eta ez erakunde bat izatea adostu dute. Soilik hauteskundeetara begira egon beharrean, eguneroko gaiei erantzuteko sortutako mugimendua izango da.

autonomia

Bateraren kontsulta babestuko du EHA plataformak, baina, departamenduaren ingurukoa izan beharrean, galdera euskal autonomiari buruzkoa izateaeskatu du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo